Politika -

Atxiloketak

Ertzaintzak argitzeke dauden kasuak ikertzen segituko duela dio Aresek

Herrizaingo sailburuak azaldu duenez, DNA identifikatzeko teknologia berriari eta Ertzaintzaren lanari esker delituetan parte hartu dutenak identifikatu eta atxilotu ahal izan dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan du DNA identifikatzeko Ertzaintzak lortu duen teknologia berriari eta terrorismoaren kontrako taldeari esker delituetan parte hartu dutenak identifikatu eta atxilotu ahal izan dituztela.

Aresek adierazi duenez, azken asteotan lau pertsona atxilotu dituzte kale borroka ekintzengatik eta Justiziaren aurrera eraman dituzte. Izan ere, "hori da ekintza terroristak egin dituztenen edo egingo dituztenen bidea", Jaurlaritzako agintariaren esanetan.

"Bere garaian esan nuena berresten dut: Ertzaintzak ez du deskantsatuko eta delituak egin dituztenak ikertzen jarraituko du atxilotu eta Justiziaren esku utzi arte", ohartarazi du Aresek.

ANren ebazpena

Bestalde, Herrizaingo sailburuak azpimarratu du Auzitegi Nazionalak Gernikako zinegotzi bati jaien egitarauan presoen argazkiak erakusteagatik ezarri dion zigorrak agerian uzten duela euskal erakundeek "erabateko" eskubidea dutela, lege aldetik behintzat, biktimen Legea edo duintasuna urratzen duten irudiak kentzeko.

"Epai horrek berriro baieztatzen du gure lanak ez duela gizartearen gehiengoaren babesa soilik, baizik eta legearen babesa ere baduela", azaldu du Aresek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea