Politika -
Elkarrizketa ETBn
Ibarra: 'ETA itzaltzen joango da, baina, aurretik, mina emango du'
EAEko Auzitegi Nagusiaren presidenteak esan duenez, "terrorismoaren amaieran gaude zalantzarik gabe" eta amaiera hori "belaunaldi aldaketarekin" batera iritsiko da.
Erredakzioa
Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak esan du ETA ez dela "egun jakin batean" desagertuko, "itzaltzen joango da, eta mina emango digu amaitu aurretik".
ETBn egin dioten elkarrizketa batean Ibarrak adierazi duenez, "terrorismoaren amaieran gaude zalantzarik gabe", baina amaiera hori "belaunaldi aldaketarekin" batera iritsiko dela azpimarratu du.
Haren esanetan, egun "demokraziarengan konfiantzarik ez duen gazte belaunaldi bat dago eta belaunaldi horrek heziketa txar hori gainditzen ez duen bitartean zaila izango da betiko amaierara iristea".
Testuinguru horretan epaileek jokatuko duten paperari buruz galdetuta, Ibarrak uste du "bake juridikoaren" printzipioa ezarriko dutela eta gatazkak "legearen arabera" konponduko dituztela, "bizi dugun gizartearen arabera egindako legearekin".
"Errealitate sozialak ez du araua aldatzen, baina epaileok legea irakurri behar dugu eta horretarako kontuan izan behar dugu testuingurua", gaineratu du.
Bizikidetza Plana
Ibarrak Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetza Plana ere izan du hizpide. 13 eta 16 urte arteko ikasleei terrorismoaren biktimen testigantzak jarriko dizkiete, eta Ibarrak aurreratu du epaile bat ere sartuko dutela horien artean.
Izan ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren presidenteak esan du eskari horixe egin ziola Jaurlaritzari ikasleek jakin dezaten "mehatxupean bizi diren epaileek mehatxatzaileak epaitzen dituztenean inpartzialak izango direla, independenteak".
Horren harira, Ibarrak aitortu du egun epaileek "ETAren presio txikiagoa" sentitzen dutela.