Politika -

Katalunia

Prozesu konstituziogilea proposatu diote JxCat eta ERC alderdiek CUPi

Adostutako agiriak herritarren partaidetzarekin garatutako prozesu konstituziogilea jasotzen du, eta hori "konstituzio kataluniarra" idazteko oinarria izango litzateke.

Eduard Pujol JxCateko bozeramaileordea eta Gemma Geis alderdi horretako diputatua. Argazkia: EFE.
Eduard Pujol JxCateko bozeramaileordea eta Gemma Geis alderdi horretako diputatua.
Eduard Pujol JxCateko bozeramaileordea eta Gemma Geis alderdi horretako diputatua. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

JxCat eta ERC alderdiek prozesu konstituziogilea barne hartzen duen akordioa adostu dute eta CUPi helarazi diote. Prozesu horretan herritarrek parte hartuko lukete eta "konstituzio kataluniarra" garatzeko testua izango litzateke.

Eduard Pujol JxCATeko bozeramaileordeak TV3n egindako elkarrizketa batean jakitera eman duenez, dagoeneko CUPek esku artean dauka akordioa, eta astelehena baino lehen erantzuteko "ahalegina" eskatu diete, astelehenean aurreikusita baitago Kataluniako Parlamentuan Jordi Sanchezen inbestidura egiteko osoko bilkura, Pablo Llarena epaileak egun horretarako espetxetik ateratzea baimentzen badu behintzat.

Pujolek azaldu duenez, ERCrekin adostutako agiriak herritarren parte hartzearekin garatutako prozesu konstituziogilea jasotzen du; "orri zuri batean dena jasoko da" eta "konstituzio kataluniar" baten antzekoa garatuko dute azkenean.

"Ondo azaldu beharreko akordioa aterako da hemendik; prozesuan parte hartu behar dutenen ahalduntzean oinarritzen baita legealdiaren arrakasta edo porrota", esan du Pujolek.

Bestalde, Carles Puigdemont presidente ohiaren partaidetzaren harira, prozesu konstituziogilea "Belgikatik edo Belgikarekin" garatuko dutela esan du, Puigdemont Waterloon (Belgika) baitago oraindik. Izan ere, "Bruselako Eremu Librea" bultzatuko dute harekin, horren arabera.

Pujolen hitzetan, JxCatek eta ERCk Gobernua osatzeko egitura adostuta dute, baina ez du izenik aurreratu. Dena den, akordio horrek CUPekin aurrekoan huts egindako inbestidurarako adostu zituzten zenbait puntu jasotzen dituela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Alderdi politikoak albisteak Eguneko albisteak CUP albisteak Junts per Catalunya ERC