Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Alonso: 'Zapatero berriz aurkeztuko da eta bozak irabaziko ditu'

Sozialistek Kongresuan duten bozeramaileak, bestalde, ukatu egin du EAJrekin aurrekontuak negoziatu zituztenean Eusko Jaurlaritzaz hitz egin zutela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Alonso sozialistek Kongresuan duten bozeramaileak ziur esan du Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenterako hautagai izango dela berriro, izan ere, dagoeneko "bi hauteskunde orokor irabazi ditu".

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean Alonsok azaldu duenez, "nire aurreikuspen pertsonala da PSOEren hurrengo hautagaia izango dela eta, gainera, berriro gailenduko zaio Rajoyri. Gure buruzagia da zalantzarik gabe, ez Gobernuko presidentea soilik, PSOEren buruzagia baizik".

Alonsok esan du Gobernua "egin behar den lana" egiten ari dela ekonomia krisiari aurre egiteko, batzuetan akatsak egiten dituen arren, zeren "akatsik egiten ez duena Rajoy jauna da, ez baitu ezer ere egiten".

Gainera, "ekonomia krisiak politikoki zigortu" egin diela aitortu du, baina "altxatzeko" denbora badagoela uste du.

Bozeramaile sozialistak uste du Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartzeak eta Gobernuan izandako aldaketek agerian uzten dutela Espainia "altxatzen" ari dela Zapateroren buruzagitzarekin.

Ez dute Jaurlaritzaz hitz egin

Alonsok ziurtatu du EAJrekin aurrekontuak negoziatu zituztenean ez zutela "Patxi Lopezen Jaurlaritzari buruz hitz egin", izan ere, "Gobernu zilegia da eta erabateko babesa du Espainiako sozialisten partetik".

Agintari sozialistak berretsi du aipatu negoziazioetan EAJk ez duela "lehendakariaren burua eskatu edo Jaurlaritzaren egoeraz eztabaidatu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea