Politika -
Lehendakariaren adierazpenak
'Audientzia hedabide pribatuetara bideratzeko boikotatu nahi dute ETB'
Patxi Lopezek EAJk eta Aralarrek EITBri buruz egindako galderei erantzun behar izan die gaur Eusko Legebiltzarrean.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak adierazi du hainbat pertsona EITB "boikotatzeko deia" egiten ari direla, audientzia hedabide pribatuetara desbideratzeko helburuz.
Lopezek Luke Uribe-Etxebarria EAJko legebiltzarkidearen galderei erantzun die gaur, Gobernuaren kontrolerako saioan, Eusko Legebiltzarrean. Hain zuzen ere, Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendariak egunkari batean egindako adierazpenei buruz galdegin dio (ezker abertzalea eta EAJko sektore batzuk EITB "sutan jartzen" ari direla esan zuen).
Uribe-Etxeberriaren esanetan, adierazpen horiek "iraingarriak" dira EITBko langileentzat, eta hortaz, esku-hartzeko eskatu dio Lopezi.
Lehendariak esan du bat egiten duela Idigorasen adierazpenen zati batekin, baina ez guztiekin: "EITBn, gehienak langile onak dira, baina beste batzuk zarata egiten baino ez daude, jarrera beligeranteekin, eta gehiengoaren lan ona ezkutatuta".
Lopezek ziurtatu du EITBko zuzendaria ez dagoela "Gobernuaren menpe", Andoni Ortuzar zuzendari ohiarekin "gertatu ez bezala". Halaber, Ortuzar gaur egun Bizkaiko EAJren presidentea dela gogorarazi du.
Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkidea ere zuzendu zaio lehendakariari, eta EITBko albistegien independentzia eta PSE-PP akordioaren garapena bateragarri diren galdetu dio.
Hori horrela, Gasteizko Gobernuko buruak esan du balio demokratikoen defentsa egiten ari direla, eta horrek ez duela "egiazkotasuna urratzen".
Galdera Urgelli
Blanca Urgell Kultura sailburuari ere galdera egin diote, kasu honetan EAk, ETBko bi kazetarirekin gertatutakoari buruz.
Urgellek ukatu egin du espedientea ireki izana Gernikako Estatutuaren urteurrenean eurena ez zen testu bat sinatzeari uko egiteagatik, eta "abisua" baino ez dietela eman ziurtatu du.
Bere esanetan, kazetariei ez zitzaien testurik inposatu. Haietako bati "gidoi baten zirriborroa" pasatu zioten, eta hark uko egin zion idazteari.
Juanjo Agirrezabala EAko bozeramaileak esan du gertatutakoa "larria" dela, eta egungo zuzendaritzarekin erredakzioko giroa "gogaikarria" dela.