Politika -

KONGRESUA

Frankismoko krimenak epaitzeko aukerari atea itxi diote PPk, PSOEk eta Ciudadanosek

Amnistiaren Legearen erreforma atzera bota duten alderdien esanetan, frankismoaren krimenen arduradunak epaitzea ezinezkoa litzateke, Konstituzioak ez duelako onartzen legearen atzeraeragina.

Kongresua, atzo. EFE.
Kongresua, atzo. EFE.
Kongresua, atzo. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainian frankismoko krimenak epaitzeari atea irekiko liokeen 1977ko Amnistiaren Legea erreformatzeko aukera atzera bota zuen atzo Diputatuen Kongresuak, PP, PSOE, Ciudadanos, UPN, Foro Asturias eta CC alderdien botoekin.

Podemosek, ERCk, EAJk, PDeCATek, Compromisek, EH Bilduk eta Nueva Canariak egin zuten erreformaren alde. Paragrafo berri bat gehitu nahi zioten Amnistiaren Legearen 9. artikuluari. Testuaren arabera, "gizateriaren aurkako krimenak, genozidioak, gerra delituak eta giza eskubideen kontrako urraketa larriak" epaitu ahal izango lituzkete Espainiako auzitegiek, horiek egin zirenetik denbora tarte luzea igaro arren.

Eztabaidan, PPk, PSOEk eta Ciudadanosek esan zuten erreforma horrek ez lukeela ekarriko krimenen arduradunak auzipetzea, Espainiako Konstituzioak ez duelako onartzen legearen atzeraeragina.

Hiru alderdiok gogor kritikatu zuten proposamena Kongresura eramatea, eta "historia desitxuratzeko ahalegina" ikusi zuten horren atzean. Amnistiaren Legea Trantsizioaren "zutabeetako bat" izan zela azpimarratu zuten.

"Legearen erreforma onartzeak ez luke ezer ekarriko", esan zuen Lorenzo Torres PPko diputatuak. Horren hitzetan, frankismoko krimenen arduradun gehienek 90 urte baino gehiago dituzte, eta delituak "preskribatuta" daude.

Erreformaren defentsa

Yolanda Diaz Podemoseko diputatuaren arabera, berriz, frankismoko krimenak ez ikertzeko eta ez epaitzeko "ezkutu aproposa" bihurtu zen Amnistiaren Legea.

Joan Tarda ERCko eledunak, bestalde, PSOEk kontra bozkatzeak "benetako sumina" eragin diola esan zuen. Buruzagi kataluniarraren hitzetan, sozialistek gai honekin erakutsitako "jarrera ikusita", jada ez dago frankismoaren biktimei justizia egiteko "esperantzarik".

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak ere biktimak izan zituen gogoan. "Zigorgabetasuna babesten jarraitu behar al dugu, hobien gainera lur gehiago botata? Edo gauzak aldatzeko prest al gaude?", galdetu zien sozialistei.

Joseba Agirretxea jeltzaleak nabarmendu zuenez, frankismoko krimenak argitzea demokrazian oraindik "landu gabe dagoen ikasgaia" da. Amnistiaren Legea "ez zen askatasun osoz landu", gaineratu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Euzko Alderdi Jeltzalea Alderdi Sozialista Albisteak Alderdi Popularra EH Bildu Araba Ciudadanos Gaurko azken orduko albistea Frankismoari buruzko albisteak Memoria Historikoa