Politika -
Edukia da garrantzitsuena
Ezker abertzaleak ez du baztertzen NaBain sartzea
Ezker abertzaleak ukatu egin du helburua "NaBai apurtzea" dela eta hauteskunde programaren edukiez hitz egin beharko luketela zehaztu dute, hori baita garrantzitsuena.
Erredakzioa
Ezker abertzaleak berretsi du "aurrera egitea" espero duela Nafarroako hauteskundeetan koalizioan aurkezteko EAri eta Aralarri egin zien proposamenean, eta ukatu egin du helburua "NaBai apurtzea" dela. Ildo horretan, hauteskunde programaren edukiez hitz egin beharko luketela zehaztu dute, eta hori dela garrantzitsuena, "ezker abertzaleak malgutasunez joka dezakeelako".
Ezker Abertzalea Nafarroa Bai-n sartu nahi den edo ez argitzea "ez da eztabaida nagusia izan behar", Xanti Kiroga eta Marine Pueyo bozeramaileen hitzetan. Ezker Abertzalearen jarrera "argia" dela nabarmendu dute: "eztabaida eta edukiak".
Hil honetako 14an ezker abertzaleak iragarritako proposamenari jasotako erantzunak baloratu dituzte gaurko agerraldian. Kirogaren hitzetan, ezker abertzaleak "ez du ezezkorik esan" Nafarroa Bai koalizioan sartzeko aukerari.
"Orain arteko tresnekin ez dugu etekinik lortu. Edukiei eman behar diegu garrantzia, akordioei, aldaketa politiko eta soziala lortzeko ezinbestekoa den horri eman behar diogu indarra", azaldu dute.
Eduki horiei buruz hitz egiteko elkarrizketak aurreikusten dituzten galdetu diote kazetariek Kirogari. Gutxinaka "egin behar dugu zerbait" dela erantzun du.