Politika -

ABERRI EGUNA 2018

'Espainiar nazionalismo zaharkitua' indartuta dagoela esan du Ortuzarrek

Aberri Eguneko hitzaldian, 'Euskadi bezalako Estaturik gabeko nazio errealitateak barnean hartuko dituen Europa politikoa' aldarrikatu du Urkulluk.

Bilbo, gaur. Argazkia: EiTB.
Bilbo, gaur. Argazkia: EiTB.
Kataluniarenganako keinuz betetako ekitaldia izan da aurtengo Aberri Eguna

2:05

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtero bezala, Bilbo aukeratu du EAJk Aberri Eguna ospatzeko. 'Gure Etorkizuna, gure aberria' lelopean, milaka jarraitzaile bildu dira Plaza Barrian, buruzagi jeltzaleen hitzaldiak entzuteko.

Montserrat Candini eta Eduard Pujol PDeCATeko ordezkariak bertan zirela, Kataluniak berebiziko protagonismoa hartu du ekitaldi osoan. Bi buruzagioi zuzendu zaie Andoni Ortuzar EBBko presidentea hitza hartu orduko, eta azken hilabeteotako jarrera berretsi du: "155. artikulua eta Katalunian egiten ari diren aplikazioa ere badira Euskadiren eta gure autogobernu ideiaren kontra eginiko erasoa. Gure nahia da kataluniar eta euskal autogobernuak beren ordezkari legitimoen ardurapean egon daitezela".

Ortuzarren hitzetan, "Katalunian gertatzen ari dena oso larria da", eta "EAJrekin kontatu nahi duenak politika salbuespen egoerara eramateko erabakiak hartzeari utzi beharko dio". Kezkatuta agertu da EBBko burua, "espainiar nazionalismo zaharkituak bizi duen indarraldiagatik". "Gauza bat da abertzaletasun positiboa, bere nortasuna aldarrikatzen duena, baina besteena auzitan jarri gabe, gurea bezalakoa; eta beste gauza ezberdina da nazionalismo ukatzailea, bere burua aldarrikatzeko, inguruko guztiak menperatu eta zapaldu behar dituena. Hori ez da abertzaletasuna, autoritarismo hutsa da", salatu du.

Bestalde, asteon Espainiako Gobernuak EAEko aurrekontuen kontra iragarri duen helegitea ere izan du hizpide: "ez dakit nola pentsatu ahal duten gauzak hobetuko dituztela Euskadiko aurrekontuen kontrako errekurtsoa iragartzearekin ... ulertu behar dute Euskadi eta Katalunia bi nazio errealitate direla eta beren autogobernua errerspetatua izatea merezi dutela.

Herri gisa ondo gaude, eta are hobeto egotea espero dugu

Aurrera begirako erronka nagusia, Ortuzarren hitzetan, autogobernua "babestea" izango da, "orain arte lortutakoa defendatuz eta adi egonez",  Espainiatik etor daitezkeen "mehatxuen aurrean". "Oso urrun iritsi gara eta aurrera egiten jarraitu nahi dugu. Eraikitzen jarraitzea eta daukagunean oinarrituta aurrera egitea. Herri gisa ondo gaude, eta are hobeto egotea espero dugu", zehaztu du.

 

ETA aipatzen duen azken Aberri Eguna izatea espero duela esan du buruzagi jeltzaleak.

Adostutako erreferenduma

'Euskadi bezalako Estaturik gabeko nazio errealitateak barnean hartuko dituen Europa politikoa' aldarrikatu du Iñigo Urkullu lehendakariak bere hitzaldian.

"Argitasun Zuzentaraua planteatzen dugu, beren etorkizunerako nahi duten Estatusa erabakitzeko borondatea adieraziko duten Komunitate politikoek beren hiritargoari legez araututako eta itundutako erreferendum bidez galde diezaieten. Estatu bakoitzaren barruko gaiek Batasunari eragiten diote. Argitasun Zuzentaraua da arazo politiko bati irtenbidea emateko proposamena. Arazo hori ezin da konpondu esparru judizial eta penalak ematen dituen aukera urriekin, Espainiak Kataluniako kasuan egin nahi duen bezala", esan du Urkulluk.

Etorkizuna Europan dagoela esan du lehendakariak, eta "Europako herrialderik aurreratuenen ereduari begira" lan egiten jarraituko dutela ziurtatu du.

Katalunia ere izan du hizpide Urkulluk. Horren hitzetan,  Kataluniako arazoak "konponbide politikoa" behar du, eta horretarako "elkarrizketa eta akordioa" aldarrikatu ditu lehendakariak.

Lehendakari izendatu zutenetik, bosgarren Aberri Eguna duela esan du, eta kargua hartu zueneko egoera ekonomikoarekin alderatu du gaurkoa. "Ordutik aurrera enpleguak sortu dira. Handikeriarik gabe, baino hilabete bakoitza aurrekoa baino hobea izan da. Gaur egun 70.00 pertsona gehiago ditugu lanean. Nahikoa ote den? Ez. Baina ereduak funtzionatzen du eta gobernatzeko era bat ezartzen du: auzolana, elkarrekin lan eginez", amaitu du.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Bilbo berriak Iñigo Urkullu Lehendakaria Andoni Ortuzar argazkiak Euskal aberriaren eguna