Itxi

Politika

Lege-proiektua

Aurrekontuak babes nahikorik gabe heldu dira Diputatuen Kongresura

Agentziak | Erredakzioa

Espainiako Gobernuak Katalunian 155. artikulua indarrean mantentzen duen bitartean, kontuak babesteko baldintzak ematen ez direla adierazi du EAJk, ezta negoziatzeko ere.

  • Cristobal Montoro Hazienda ministroa eta Ana Pastor Diputatuen Kongresuko presidentea. Argazkia: EFE

    Cristobal Montoro Hazienda ministroa eta Ana Pastor Diputatuen Kongresuko presidentea. Argazkia: EFE

2018ko Aurrekontu Orokorren lege-egitasmoa entregatu dio gaur Cristobal Montoro Hazienda ministroak Ana Pastor Diputatuen Kongresuko presidenteari. Hala ere, oraindik kontuak aurrera ateratzeko babes nahikorik ez du lortu Espainiako Gobernuak.

Kongresuko Mahaiak bide parlamentariori hasiera emango dio gaur. Prozedurak gainerako proiektu eta lege-proposamenen aurrean lehentasuna izango du, Ganberako Araudiak berak aurreikusten duen bezala.

Hurrengo pausoa Gorte Orokorretako Aldizkari Ofizialean argitaratzea izango da. Ondoren Gobernuko goi-kargudunen agerraldia eskatzeko txanda izango da, ministerio ezberdinetako kontuen xehetasunak azaltzeko.

Behin betiko egutegi bat onartzeko zain, agerraldiak apirilaren 16 eta 19 artean egingo lirateke, Aurrekontu Batzordeko aurreikuspenen arabera.

 

Lehen eztabaida, apirilaren 25ean

 

Aste horretako ostiralean, apirilaren 20an, osoko zuzenketak aurkezteko epea agortuko da; oposizioak proiektua Espainiako Gobernuari bueltatzea eskatzeko. Eztabaida hurrengo astean egitea espero da, apirilaren 25ean, Kongresuan.

Eztabaida ondoren osoko zuzenketak guztiak batera bozkatuko dituzte diputatuek; izan ere, guztiek gauza bera eskatzen dute: egitasmoa Gobernuari itzultzea. Bozketa horren menpe izango da 2018ko Aurrekontuaren etorkizuna; tramitazioarekin aurrera jarraitu ala oposizioak atzera bota.

Ordurako, proiektua aurrera ateratzeko babes nahikoa izan behar du Exekutiboak. Iaz egin bezala, gutxienez 175 eserlekuren babesa behar du Espainiako Gobernuak, berdinketa bermatzeko, eta horrela oposizioaren zuzenketak atzera botatzeko.

Horretarako, UPN, Foro Asturias, Ciudadanos eta Coalicion Canariaren babesaz gain, EAJren bost diputatuen botoa behar du PPk.

Espainiako Gobernuak Katalunian Konstituzioaren 155. artikulua indarrean mantentzen duen bitartean, Aurrekontu Orokorrak babesteko baldintzak ematen ez direla azaldu dute jeltzaleek, ezta negoziatzeko ere.

EAJren oniritziarekin, lehen oztopo parlamentario hori gainditzeko babes nahikoa izango luke Espainiako Gobernuak, baita tramitazioa txosten fasean zein Batzordean kontrolatzeko ere.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena