Politika -
PP
PPren webguneko Marotoren curriculumean masterra ez den titulazio bat ageri da
PPko buruzagiak ziurtatu duenez, Kudeaketa Publikorako Lidergo Programa bat egin zuen IESE negozio eskolan, ez masterra.
EITB.EUS
Cristina Cifuentes Madrilgo erkidegoko presidentearen masterraren inguruko polemikaren ostean, Javier Marotoren curriculuma dago orain jomugan. Izan ere, PPren webguneko bere fitxan Kudeaketan eta Administrazio Publikoan masterra egin zuela ageri bada ere, Kudeaketa Publikorako Lidergo Programa bat da IESE negozio eskolan egin zuena, ez masterra.
PPko alderdiko sektoreko idazkariorde eta diputatu ere badenak bere Twitter kontuan ziurtatu duenez, Kudeaketa Publikorako Lidergo Programa bat egin zuen IESE negozio eskolan eta aurrez aurreko eskoletara joan zen, baina ez da master bat. Dena den, Diputatuen Kongresuko bere fitxak informazio zuzena jasotzen duela nabarmendu du.
Ser irrati kateari eskainitako elkarrizketa Gasteizko alkate ohiak esan duenez, askok master gisa itzultzen badute ere, "ez da zuzena".
Bestalde, berak egin zuen kurtso horri berari Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak master deitzen diola adierazi du.
Podemosek Gasteizko Udalean duen taldeak, ostera, alkate zen garaian bere curriculuma "puztea" egotzi dio Marotori, bai Udaleko webgunean eta baita Eusko Legebiltzarrekoan ere. Haren esanetan, Udaleko bere fitxan "Kudeaketa eta Administrazio Publikoan titulu" bat egin zuela ageri da. "Ez da itzulpen txarrik egon, curriculuma puzteko asmo txarra baizik", gaineratu du.