Politika -

Gobernu-krisia Araban

Xabier Agirrek EAko bi diputatuak kaleratu ditu Arabako Gobernutik

Espero bezala, 2011ko aurrekontu-proiektuaren aurrean zenbait zuzenketa aurkeztu dituzte EAko bi diputatuek eta Arabako ahaldun nagusiak Gobernutik kanporatzea erabaki du ondoren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusiak Foru Gobernuan zeuden Eusko Alkartasuneko bi diputatuak kanporatzea erabaki du, alderdi horrek 2011ko aurrekontu-proiektuari zenbait zuzenketa egin eta gero, besteak beste, errenta altuenei zerga handiagoak eskatzea proposatu dute. Kargutik kendutako bi diputatuak Mikel Mintegi (Ingurumena) eta Lorena Lopez de Lacalle (Kultura, Euskara eta Kirolak) dira.

Agirrek joan den astean ohartarazi zuen bi gobernu-kideak kanporatu egin beharko zituela, baldin eta 2011ko aurrekontuen proiektuari zuzenketak egiten bazizkioten, EAJrekin aurretik ezer adostu barik. Zergen araudiari bederatzi zuzenketa egin dizkio EAk goizean eta bi ordu geroago ahaldun nagusiak agerraldia egin du bi diputatuak Arabako Gobernutik kaleratu dituela jakinarazteko.

Agerraldi horretan, Agirrek deitoratu egin du EAk "Gobernutik atera izana" bi diputatuak.

Halaber, Mikel Mintegiri eta Lorena Lopez de Lacalleri eskertu egin die orain arte egindako lana, eta diputatu berriak Santa Katalinako saioaren ostean izendatuko dituela iragarri du.

Ezker abertzalea

Agirren ustez, Eusko Alkartasuna Gobernutik joan izana alderdi horrek ezker abertzalearekin duen aliantzaren ondorio da.

"Haientzat zaila zen Foru Gobernuan jarraitzea hauteskundeak izateko sei hilabeteren faltan", nabarmendu du, eta aipatu diputatuek proiektuari babesa eman ziotela gogorarazi du.

Halaber, Agirrek salatu du orain arte EAk ez zuela inoiz eskatu erreforma fiskala egitea, hori ez baitzegoen aurrez ikusita Gobernu akordioan.

EA Gobernutik egotzita, EAJ bakarrik geratu da Foru Gobernuan, 51 diputatuetako 14ren babesarekin. "Beti egon gara gutxiengoan, beraz, gure egoera ez da aldatu. Seguru nago berriz gobernatuko dugula", azpimarratu du Agirrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea