Politika -
Auzitegi Nazionala
Lehen guardia zibila deklaratzen ari da Auzitegi Nazionalean
Akusatuek atzo deklaratu zuten, eta guardia zibilekin izandako liskarrean parte hartu ez zutela eta Ospa mugimenduarekin zerikusirik ez dutela esan zuten.
agentziak | erredakzioa
Bi guardia zibilek -teniente bat eta sarjentu bat- eta horien bikotekideek gaur, asteartea, deklaratuko dute Auzitegi Nazionalean, Altsasuko zortzi gazteen aurkako auzia dela eta. 2016ko urriak 15ean agenteei eta horien bikotekideei erasotzea egotzi diete akusatuei.
Laurak 10:00etarako zeuden deituta Auzitegi Nazionalean, San Fernando de Henares (Madril) kaleko egoitzan, Fiskaltzaren, akusazioaren eta akusatuen defentsen galderei erantzuteko. Saioa atzerapenarekin hasi da, ordea.
Gaurkoa bigarren saioa da, atzo zortzi akusatuek guardia zibilen aurkako erasoan parte hartzea ukatu eta Ospa! izeneko mugimenduko kide izatea arbuiatu ostean.
Auzitegi Nazionalak horien guztien aurkako epaiketa abiarazi du, 2016ko urriak 15ean, Altsasuko jaietan, bi agenteen eta horien bikotekideen aurka egindako erasoagatik, Koxka tabernan.
Akusatuentzat -horietako zazpi 21 eta 24 urte bitartekoak eta zortzigarrena 31 urtekoa- 12 eta 62 urte bitarteko kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak, lesioak eragitea eta terrorismo delituak leporatuta.
Fiskaltzaren iritzian, akusatuek Ospa! mugimenduaren eta Alde Hemendik ekimenen baitan jardun zuten, Estatuko segurtasun indarrak Hego Euskal Herritik kanporatzeko helburuarekin.
Horietako hiruk behin behinean jarraitzen dute kartzelan, horien artean Ohian Arnanzek. Fiskalak espetxe zigor nagusiena eskatu du Arnazentzat, hau da, 62 urte eta erdikoa. Atzo onartu zuen Koxka tabernan egon izana, baina ez ezertan parte hartzea.
Jokin Unamuno (50 urteko espetxe zigorra eskatu dute horrentzat) beste akusatuetako batek esan zuen tabernan sartu orduko edanda zegoela, eta agenteekin haserretu zela lau isun jarri zizkiotelako, bi kontrako noranzkoan gidatzeagatik eta beste bi hiritarren segurtasunaren aurka egiteagatik.
Tenienteak izenez deitu zionean haserretu egin zela eta ez egiteko eskatu omen zion, eta horren harira eztabaidan hasi zirela zehaztu zuen.
Adur Ramirez, kartzelan dagoen hirugarren akusatuaren esanetan (horrentzat ere 50 urteko kartzela zigorra eskatu dute), gau hartan Koxka tabernan egon izana ukatu zuen. Are gehiago, 02:00ak aldera etxera joan zen eta bertan gurasoekin topo egin zuen.