Politika -
Autogobernua
Urkulluk idatziz eskatu dizkio transferitu gabeko eskumenak Rajoyri
Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide lineak transferituko dizkio Espainiako Gobernuak Euskadiri, Soraya Saenz de Santamariak Eusko Jaurlaritzari jakinarazi dionez.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak transferitu gabeko eskumenen zerrenda idatziz emateko eskatu zion joan den ostiralean Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari; tartean, Gizarte Segurantzakoa eta espetxeetakoa.
Josu Erkorekak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan jakitera eman duenez, Eusko Legebiltzarrak joan den astean eskumenen harira adostutako akordioa bidali zion Urkulluk Rajoyri. Gernikakoa Autonomia Estatutua osatzeko egutegia sei hilabeteko epean aurkezteko eskatu dio bertan Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari.
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak astelehenean Josu Erkorekari telefonoz jakinarazi zionez, Basurtuko Ospitalea-Ariz eta Irauregi-Lutxana-Barakaldo trenbide lineak transferituko dizkiote Euskadiri.
Bi linea horiek osorik igarotzen dira Euskal Autonomia Erkidegotik, eta Konstituzio Auzitegiak Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak direla ebatzi zuen 2016an. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak trenbideen eta herri-lanen inguruko eskumena betetzeko aldarrikatzen dituen 11 tarteetako 2 baino ez dira.
Eusko Jaurlaritzarentzat "ulertezina" da bi eskumen horiek eskualdatzeko izaten ari den atzerapena, "urte hasierarako aurreikusita baitzeuden", esan du.
Horrela, izapide egokiak hasteko eskatu dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, gehienez bi hileko epean Eskualdatzeen Batzorde Mistoa deitzeko, hartutako konpromisoaren arabera egin beharreko eskualdatzeak egiten bukatzeko, Espainiako Gobernuak, arrazoirik gabe blokeatuta baititu.