Politika -

Hauteskundeak 2010

TV3ko zirrikituetatik begira

Loiutik Bartzelonarako hegaldian kazetari asko ikusi ditugu, baita politikariren bat edo beste ere. Hotelera iritsi eta bertan ere irrati-esatari ezagun batekin egin dugu topo.

Gaizka Palacios | Bartzelona

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroak 28 da, igandea, hauteskunde eguna Katalunian, egun handia Artur Masentzat; porrotaren eguna Jose Montillarentzat.

Hauteskunde-egunak bereziak dira eta irrikaz jarraitzen ditut. Alabaina, Kataluniakoak izanda, hotzagoa da guztia, areago dena ''salduta'' dagoela ikusita. Baina gaurkoa ez-ohiko eguna da, niretzat behintzat. TV3ko webgunearen atzealdea ezagutzeko aukera eman digute, hauteskundeak TV3eko zirrikituetatik ikusteko aukera.

Erredakzioa txikia da eta toki guztiak hartuta daude. Ez dugu zaratarik atera nahi. Ez dugu enbarazurik egin nahi. Bulego batean sartu gara. Portatilak prest daude. Jordi zuzendariak adeitasunez hartu gaitu. Solasaldi bat izan dugu berarekin eta ondoren TV3ren erredakzioan barrena eraman gaitu, platoak, kontrol-zentrala… ikusteko.

20:00ak dira, gaueko lehen une kritikoaren ordua. Interneteko kazetari guztien helburua bete dute, hau da, informazio zuzena berehala eskaintzea. Nolabaieteko lasaitasuna bueltatu da erredakziora.

Catering zerbitzuak pintxo eta gozo batzuk ekarri ditu, baina ordubete geroago mahaiak beterik jarraitzen du. Kazetariek ez dute tarterik hartu atseden txiki bat egiteko ere. Gutxi batzuk dira altxatu direnak, baina mokadutxoa hartu orduko berriro eseri dira ordenagailu aurrean.

22:30ak inguruan eman dute ofizialtzat CIUren garaipen nabarmena, hots, PSCren eta ERCren porrota. Jose Montillak agerraldia egin du. Isiltasuna gailendu da. Tekla-hotsak nagusitu dira. Erreakzioak biltzeko unea da.

Jordi zuzendaria pozik dago. Oro har, ondo joan da hauteskunde-gaua. Agurtzeko momentua iritsi zaigu. Berezia izan da gaua. Atetik atera aurretik pintxoren bat hartu beharko dugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea