Politika -

ALTSASUKO EPAIKETA

Consuelo Ordoñez: 'Gaur biktimen eta egiaren eguna da'

Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidentearen iritziz, Altsasukoa ez zen tabernako istilu bat izan, aurrez prestatutako Guardia Zibilaren kontrako gorroto ekintza bat baizik.

Consuelo Ordoñez Covite biktima elkarteko presidentea Auzitegi Nazionalaren atarian. Irudia: EiTB
Consuelo Ordoñez Covite biktima elkarteko presidentea Auzitegi Nazionalaren atarian. Irudia: EiTB
Consuelo Ordóñez: 'Gaur egiaren eguna da'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasuko auziaren epaiketaren bigarren egunean, bi guardia zibilek eta haien bikotekideek deklaratu dute gaur, eta Consuelo Ordoñez Covite biktima elkarteko presidentea eta Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidentea beraien babesa ematera joan dira Auzitegi Nazionalera.

Guardia Zibilek deklaratu aurretik Consuelo Ordoñezek hitz egin du Auzitegi Nazionalaren atarian. Atzo, zortzi auzipetuek deklaratu zuten eta horiei gezurra esatea leporatu die. Aitzitik, "gaur biktimen eta egiaren eguna da", azpimarratu du.

"Gaur biktimen eta egiaren eguna da. Gaur, azkenean, biktimei egun hartan eta ondorengo hilabeteetan zer gertatu zitzaien jakingo dugu. Atzo akusatuen eguna izan zen eta auzipetuek herrialde honetan epaimahai baten aurrean esertzen direnean egiten dutena egin zuten, gezurra esan", nabarmendu du.

Ordoñezek adierazi duenez, Covite elkartea "biktimen alboan egongo da beti". Aldi berean, auzipetuek erakundeen aldetik izan duten babesa "lotsagarria" izan dela iritzi dio, Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari erreferentzia eginez.

Coviteko presidentearen esanetan, 2016ko urrian Altsasun gertatutako terrorismo ekintza bat da eta hori da epaiketan herri akusazio gisa ari den biktima elkarteak defendatuko duen tesia. Hala ere, azken erabakia epaileen esku dagoela gogoratu du.

Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak ere bere babesa eman die Altsasuko guardia zibilei eta argi eta garbi adierazi du ez zela tabernako istilu bat izan, aurrez prestatutako Guardia Zibilaren kontrako "gorroto ekintza" bat baizik.

Blancoren hitzetan, lehendabizi biktimak seinalatu eta, gero, horiengana joan ziren.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Politika albisteak Nafarroa gaur Epaiketak argazkiak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Altsasu azken ordukoa