Politika -
Hauteskundeak 2010
Masek 'mobilizatzeko' deia egin die herritarrei 'Katalunia altxatzeko'
Hauteskundeetako irabazleak eskerrak eman dizkie kataluniarrei "ardura handia" erakutsi dutelakoan.
Erredakzioa
Artur Mas CiUren hautagai etaKataluniako hauteskundeetako irabazleak "mobilizatzeko" deia egin die herritarrei Katalunia altxatzeko.
62 eserleku lortu dituela baieztatu ondoren egindako agerraldian, "aberkide maiteoi" laguntza eskatu die Katalunia hobea, askatasun handiagoa izango duena eta errespetatua lortzeko.
Herritarrek "ardura handia" izan dutela azpimarratu du Masek, izan ere, hauteskundeetako partehartzea inkestek ziotena baino zabalagoa izan da, krisia krisi.
Hauteskunde gauetan erabili ohi duen Hotel Majesticen, CiUren jarraitzaileek "Mas president" oihukatzen zuten bitartean, Masek esan du garaipena "umiltasunez, arduraz eta esperantzaz" jaso duela.
62 eserleku lortu izana garaipen handia izan dela uste du. Horri esker, gobernu indartsua osatuko omen du, nahiz eta aitortu aurrera egiteko mobilizatzeko prest dagoen gizartea behar duela "ondoan".
Kataluniar guztiei, CiUri babesa eman diotenei eta hori egin ez dutenei, Katalunia eraikitzeko laguntza eskatu die. "Harro gaude garaipenarekin, baina ez gara harrotuko. Kataluniaren zerbitzariak gara, ez salbatzaileak", adierazi du Masek.