Politika -

ETA-ren amaiera ekitaldia

Gaur jakinaraziko dira ETAren amaiera ekitaldiari buruzko xehetasunak

ETBk jakin ahal izan duenez, ETAren amaiera ekitaldia Kanbon izango da maiatzaren 4an. ETAren behin betiko desegitearen iragarpena aurretik edo ondoren izango den ez dute oraindik zehaztu.

ETAren desegitearen ekitaldiaren data zerbait aurreratu daiteke

1:09

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur jakinaraziko dituzte ETAren amaiera ekitaldiari buruzko xehetasunak, Bake Bideako, Foro Sozialeko eta Nazioarteko Harreman Taldeko ordezkariek, Baionako hotel batean, 16:30ean, egingo duten agerraldian. Besteak beste, nazioarteko bitartekarien izenean, Raymond Kendall 1985 eta 2000 urte artean Interpoleko idazkari nagusi izandakoak hitz egingo du, eta beste bi elkarteetako ordezkari bana izango ditu alboan.

Nazioarteko Harreman Taldera batutako azkena da Kendall. Brian Currin  (Hegoafrika),  Pierre Hazan (Suitza), Nuala O'Loan (Ipar Irlanda), Silvia Casale (Londres) eta Alberto Spektorowski (Israel) dira talde horretako kideak.

ETBk jakin ahal izan duenez, ETAren amaiera ekitaldia Kanbon izango da maiatzaren 4an. Nazioarteko ordezkaritza zabala egongo da bertan,  eragile politiko eta sozial ugarirekin batera.

Prozesuaren gertuko iturrien arabera, azken komunikatu bat zabalduko du ETAk, eta, seguruenez, nazioarteko komunikabide baten bidez jakinaraziko du bere behin betiko desegitea. Agiri hori Kanboko ekitaldiaren aurretik edo ondoren izango den ez da jakitera eman.

Oraingoz, ez da argitu Iñigo Urkullu lehendakaria eta Uxue Barkos Nafarroako presidentea ekitaldi horretan izango diren edo ez. Jean Rene Etchegaray Baionako alkateak eta Ipar Euskal Herriko Mankomunitateko presidenteak, bere aldetik, atzo iragarri zuen  ETAren amaiera ekitaldian izango dela.

'Gehiegizko sufrikarioa' izan dela onartu du ETAk

Behin betiko amaieraren iragarpenaren atarian, ETAk eragindako kalteari eta "samin handia"ri buruzko adierazpena kaleratu du aste honetan, "zinez sentitzen dugu" esanez eta halakorik ez errepikatzeko konpromisoa azalduz.

Apirilaren 8ko data du oharrak, armagabetzearen lehen urteurrenarekin bat eginez, hain zuzen. Gara eta Berria egunkarietara bidalitako oharrean, "gehiegizko sufrikarioa" izan dela onartu du ETAk: "hildakoak, zaurituak, torturatuak, bahituak edo erbestea". Horietako askok atzerrira joan behar izan dutela eta, min horretan izandako "ardura zuzena" onartu du. ETAk "halakorik inoiz ez zuela gertatu behar edo ez zela denboran hainbeste luzatu behar adierazi nahi du", gaineratu du.

"Kontziente gara borroka armatuaren garai luze honetan samin handia eragin dugula. Konponbiderik ez duen kalte asko ere. ETAren ekintzek eragindako hildako, zauritu eta biktimei, gatazkaren ondorioz kaltetuak izan diren heinean, errespetua agertu nahi diegu. Zinez sentitzen dugu", azpimarratu du ETAk.

Urtebete, desarmetik

Desarmea gauzatu eta urtebetera desegingo da ETA. Horrenbestez, bete egingo da azken asteetan Euskal Herriko aktore politikoek egindako aurreikuspena, desegitea uda baino lehen etorriko dela errepikatu baitute behin eta berriz.

Ipar Euskal Herriko ekitaldiarekin, ETAk bere iragarpen handien gidoi berbera jarraituko du, nazioartearen babesa bilatuko baitu.

Oraingoan ere, ETAk Brian Currinen eta Alberto Spektorowskiren Nazioarteko Harreman Taldearen babesa izango du. 2011ko urrian, Aieteko Adierazpenaren diseinuan parte hartu zuen taldea da, indarkeriaren amaieraren iragarpenari bide eman ziona.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Iparraldea Uxue Barkos ETA Baiona Eguneko albisteak Albisteak