Politika -
Zuzenketak
EAk, EBk eta UPyDk EAEko aurrekontu orokorrak baztertu dituzte
-EA: 307 zuzenketa partzial gizarte laguntzak, euskalduntzea eta osasuna hobetzeko.
-UpyD:150 zuzenketa hezkuntza publikoa eta enpresen lehiakortasuna eta berrikuntza sustatzeko.
Erredakzioa
Eusko Alkartasunak (EA),&' || 'nbsp;Ezker Batuak (EB) eta UPyDk Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) aurrekontu orokorren proiektua baztertu dute.
Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak osoko zuzenketa bat eta 307 partzial aurkeztu ditu, guztira 94 milioi euro. Horiekin guztiekin, babes soziala, euskalduntzea eta osasuna hobetzea dute jomuga.
Zenbait zuzenketa partzial honakoak finantzatzera bideratuta daude: diru-sarrerak bermatzeko errenta, eta alokairurako eta Gizarte Larrialdietarako diru-laguntzak.
Horrez gain, Osasuna, Justizia eta Ertzaintza euskalduntzeko prozesua bultzatzeko proposatu dute. Horren harian, honako arloak hobetzera eta sustatzera zuzendutako zuzenketak aurkeztu dituzte: Osakidetzaren oinarrizko arreta, hezkuntza publikoaren azpiegiturak eta 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza, euskal kultura sustatzera eta memoria historikoa.
Iaz bezala, EAEko kartzeletan ez dauden presoen senitartekoen bidaia-gastuak finantzatzeko 250.000 euroko aurrekontu-saila aurkeztu du EAk.
UPyDk "segizio politikoa" salatu du
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidearen esanetan, proiektu horrek "ez du Euskadik behar duen aldaketa politikoa sustatzen" eta ez ditu beharrezko gizarte laguntzak eta zerbitzu publikoak bermatzen.
Horregatik, ikasketa zentro publikoetan, lanbide heziketa arloan eta irakasleak trebatzeko 23,5 milioi gehiago inbertitzea proposatu du UpyD alderdiak.
Halaber, enpresen lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko 15 milioi inbertitzea proposatu du.
Bestalde, PPren eta PSOEren esku dauden udalerriek diru-laguntzak izatea salatu du. Maneiroren ustez, aurrekontuen gaineko erabakiak hartzeko orduan, oraindik "segizio politikoa" dago.
EB
Era berean, Ezker Batuak (EB) osoko zuzenketa aurkeztu die EAEko aurrekontu orokorrei, besteak beste, ongizate Estatuaren etorkizuna "merkatuen esku" uzten dutelako.
Osoko zuzenketa komunikabideen aurrean aurkeztu du Mikel Arana EBko legebiltzarkideak. Egitasmoa Jaurlaritzari itzultzea eskatu du EBk. Bestalde, 173 zuzenketa partzial aurkeztuko ditu Ezker Batuak, aurrekontua 78 milioi eurotan aldatzea proposatzeko.
Nahiz eta talde sozialistak zuzenketa partzial guztiak onartu, egitasmoa "konpontzea oso zaila" izango litzateke, proiektu sozialik ez duelako eta "gezurrezko" aurrekontuak direlako, Aranaren esanetan.