Politika -
Eusko Legebiltzarra
Maixabel Lasak Poliziaren biktimen txostena aurkeztuko du gaur
Testuak biktima horiek aitortzen ditu eta konponketa sustatzea proposatzen du, baina baztertu egiten du ETAren biktimekin parekatzea.
Erredakzioa
Maixabel Lasa Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak biktima politikoen giza-eskubide urraketei buruzko txostena aurkeztuko du gaur Eusko Legebiltzarrean.
Gasteizko Ganberak eskatuta egindako txostenak 1968tik gaur arteko epea hartzen du bere baitan eta agente publikoek egindako eskubide urraketen biktimen aitortza eta konponketa aldarrikatzen du. Hala ere, biktima horiek terrorismoaren biktimekin parekatzea baztertzen du testuak, Radio Euskadik aurreratu duenez.
Agente publikoek, euren lana egiterakoan, bizitzeko eskubidea eta osotasun fisikoaren eskubidea urratu dutenean eragindako biktimak aipatzen ditu. Ondorioetan, terrorismoaren biktimek eta memoria historikoarekin zerikusia dutenek dagoeneko errekonozimendu publikoa jaso dutela azaldu dute.
Era berean, baztertu egin du Poliziaren biktimak ETAren biktimekin parekatzea. Horren harira, errefusatu egiten du gatazka politiko batek eragin dituela eskubideen urraketak. Gainera, ETAren indarkeriari zilegitasuna kentzeko beharra berresten du.
Balizko gatazka politikotik harago, bere baitan hartzen duen epeak Francoren diktadura, trantsizioa eta Estatu demokratikoa hartzen ditu.
Era berean, txostenean biktima politikoen aitortza sustatzeko adierazpen publikoa eta kaltea konpontzeko neurriak proposatzen ditu.
Legebiltzarrari gaia jorratzeko ponentzia berezi bat sortzea proposatuko diote eta neurriak hartzeko garaian oinarrizko adostasun bat lortzeko beharra azpimarratu dute.
Biktimei biktima izaera aitortzeko eta kaltea konpontzeko, baliabideak izango dituen erakunde baten sorrera aurreikusten du.
Azkenik, ezinbestekotzat jo dute erakundeek adierazpen publiko bat egitea eman beharreko pausoei buruz. Hori izango litzateke aitortza publikoaren lehenengo ekintza.
Martxan jartzen denean, biktimek eskatu beharko dute formalki biktima izendatzea nahi dutela.