Politika -
INDARKERIA MATXISTA
Zigor Kodea 'berrikustea' beharrezkoa dela esan dute euskal alderdiek
'Manada'ko bost kideen aurka asteon kaleratutako epaia izan dute hizpide, Radio Euskadiko goizeko tertulia politikoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Lurralde Auzitegiak asteon Manadako bost kideen kontra kaleratutako epaiarekin oso kritiko agertu dira Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiak, eta Zigor Kodea berrikustea beharrezkoa dela iritzi diote.
Bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri diete 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren bost egileei, sexu abusu delituagatik, eta gai hori izan dute hizpide, besteak beste, Radio Euskadiko goizeko tertulia politikoan.
EAJ
Horren harira, Joseba Egibar Legebiltzarrean EAJren bozeramaileak sortu den "suminaren olatuaren garrantzia" nabarmendu du, eta gertaerak izan zirenean "inpaktua izango zuen berria" zela pentsatu zutela gaineratu du.
"Sumin ikaragarria eragin du guztiak, biktima berriro ere biktima egiten duelako. Abusua izan ote den gune lausotuekin, larderia eta indarkeria izan ote den, biktimari nahikoa erresistentzia egin zuen galdetzen zaio… guzti horrek sumindu egiten du, eta leherketa sortu du", azaldu du.
EH BILDU
Bestalde, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak justizia "patriarkalizatuta" dagoela salatu du, "bi alditan" sufritzen den gaia izanik. "Lehenengo, legeak egiten direnean, eta, gero, aplikatzen direnean", azaldu du.
Haren ustez, legeek "ikuspegi patriarkala" islatzen dute, eta hori dela zuzendu behar dena nabarmendu du. "Eskaera horri irtenbidea jartzeko arduratsua" izatean konfiantza erakutsi du.
ELKARREKIN PODEMOS
Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak biktimari elkartasuna erakutsi dio, eta "bizitzen ari garen sumina benetan justifikatuta dago, eta ulerkorra da", esan du.
"Prozedura judizialeko gertaeren kontakizuna irakurtzen duenak eta sen ona duenak gertatu zena bortxaketa izan zela daki. Epaia bidegabea da, eta burutik behera balde bat ur hotz botatzea bezala izan da aldarrikapen feminista indar oso garrantzitsua hartzen ari den uneotan", adierazi du.
PSE-EE
Eneko Andueza PSE-EEko legebiltzarkideak epaiaren "guztiz kontrako" jarrera erakutsi du. Fiskaltzaren errekurtsoak "aurrera egiteko eta astakeria hau atzen onera iristeko" itxaropena du.
Anduezaren ustez, epaia "ostiko bat da genero-indarkeriaren aurkako borrokarentzat". "Haien eskubideengatik borrokatzen duten emakume guztientzako erasotzat har daitezkeen epaiak daude, oraindik aurrerapausoak emateko daude. Atzerapauso bat da hau abusua, eta ez bortxaketa, dela uste duten epaiak egotea", azpimarratu du.
PP
Azkenik, Anton Damborenea PPko legebiltzarkideak "txundigarria" dela esan du Nafarroako Probintzia-Auzitegiko hiru magistratuetatik bat berak ere ez esan izana bortxaketa dela, "sozialki bortxaketaren kontzeptua guztiok ulertzen dugun arren".
"Arazoa ez dakigu magistratuena den edo bortxaketa delitua erregulatzen duen araudiarena. 1995etik datozen pieza horiak berraztertzea espero dut. Legeek edo magistratuek akats egiten dute, eta politikook konpondu behar ditugu arazo hauek", esan du.