Politika -
Aho batez
EITBri neutraltasuna eskatu dio Eusko Legebiltzarrak
Aralarrek, EAJk, PSEk, PPk eta UPyDk adostu dute ekimena, baina talde politiko guztien babesa jaso du.
Erredakzioa
EITBko albistegien egiazkotasunaren eta neutraltasunaren aldeko testu bat adostu dute Eusko Legebiltzarreko talde politikoek aho batez. Eztabaidan, EITBren ustezko doktrinamenduaren inguruan purrustadak uztartu dituzte EAJk, PPk eta PSEk.
Aralarrek, EAJk, PSEk, PPk eta UPyDk adostu dute ekimena, baina talde politiko guztien babesa jaso du. Aralarrek proposatu du ekimena eta EAJk, PPk, PSEk eta UPyDk zuzenketak aurkeztu dituzte.
EITBko albistegietan "egiazkotasuna, neutraltasuna, iritzi ezberdinak, interes informatiboa eta independentzia profesionala ardatz izan behar dira, euskal gizarteak merezi dituen eta telebista publiko baten irizpideak direlako", testuak dioenez.
Mikel Basabek (Aralar) eta Gorka Maneirok (UPyD) tonu moderatua erabili dute eztabaidaren hasieran, baina EAJ, PSE eta PP purrustadaka hasi dira elkarren artean, EITBren erabilera alderdikoi bat egin izana elkarri leporatuz.
Purrustadak
Onartutako testuarekin "EITBko zuzendaritzari abisu bat" eman diotela uste du Luke Uribe Etxeberriak (EAJ), zuzendaritza hori albistegien sinesgarritasun falta eta audientzien beherakadaren erantzuletzat jo duelarik.
EAJren kritikak apenas aipatu ditu Carlos Gorostizak (PSE), eta EITBren inguruan akordio batera heltzea positiboa dela azpimarratu du hitza hartu duen bi aldietan, nahiz eta alderdien artean oraindik desadostasun "garrantzitsuak" daudela onartu.
Iñaki Oyarzabal (PP) eztabaida horretan erabat sartu da eta EAJk doktrinamenduz hitz egiteko legitimitaterik ez duela adierazi du, izan ere, jeltzaleek "Ortuzar bezalako politikariak jarri zituzten EITBren buruzagitzan, orain Legebiltzarrean eserita dago eta Bizkaiko EAJ zuzentzen du".