Politika -
Gure Esku Dago
Mosaiko erraldoi batek Nafarroako armarria irudikatuko du maiatzaren 19an, Iruñean
Mosaiko erraldoia Gazteluko plazan osatuko dute, 12:00ak aldera. “Nafarroako autogobernua aldarrikatzeko eta eskumenen aurkako erasoak errefusatzeko jaieguna” izan nahi du.
Agentziak | Erredakzioa
Erabakitzeko eskubidearen aldeko beste ekimen bat aurkeztu du gaur Gure Esku Dagok (GED): Nafarroako armarri erraldoi bat egingo dute maiatzaren 19an, Iruñean.
Lehenago, igande honetan, Euskal Herriaren etorkizunari buruzko galdeketak egingo dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako herri ezberdinetan.
Foru Erkidegoaren kasuan, kontsultak Deierri, Lezaun, Oteitza, Donamaria, Doneztebe, Elgorriaga, Ituren eta Zubieta udalerrietan antolatu dituzte.
Maiatzaren 19an, 12:00etan, Nafarroako armarria irudikatzeko mosaiko erraldoia osatuko dute Gazteluko plazan, plataformako ordezkariek prentsaurrekoan azaldu dutenez.
“Nafarroako autogobernua aldarrikatzeko eta eskumenen aurkako erasoak errefusatzeko jaieguna” izan nahi du, gaineratu dute. Azkenaldian foru legeei helegite dezente aurkeztu dizkiete Auzitegi Konstituzionalaren aurrean, eta Kongresuak onartzen dituen lege organikoen aplikazioa salatu nahi dute antolatzaileek.
Ekitaldian parte hartzeko izena online emateko aukera dago, ekainaren 10eko giza kateari begira egin bezala.