Politika -

ETA-REN BIKTIMAK

Tomas Caballero ETAk duela 20 urte hildako zinegotzia omendu du UPNk Iruñean

María Caballero UPNko zinegotziaren alabak esan "ETAk egiten zuena ondo zegoela uste zutenak eta babesa ematen ziotenak garaitu eta konbentzitu egin behar ditugu".

Udaletxeko plazan egin dute Tomas Caballeroren aldeko elkarretaratzea. Argazkia: EFE
Udaletxeko plazan egin dute Tomas Caballeroren aldeko elkarretaratzea. Argazkia: EFE
20 urte ETAk Tomas Caballero UPNko zinegotzia hil zuela

1:54

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tomas Caballero 1988ko maiatzaren 6an ETAk hil zuen UPNko zinegotzia omendu dute gaur Iruñean. Bertan izan dira, besteak beste, Javier Esparza UPNko burua, Enrique Maya Iruñeko zinegotzia, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia, PSNko, PPNko eta Ciudadanoseko zenbait ordezkari, eta Manu Ayerdi Geroa Baiko Garapen Ekonomikorako presidenteordea.

Hilerrian lore-eskaintza egin ondoren, 12:00etan ekitaldia egin dute eta Caballero zenaren inguruko bideoa eman dute. Ondoren, elkarretaratzea egin dute ehunka pertsonek 13:00etan Iruñeko Udaletxeko plazan 'Askatasuna, justizia eta bakea. Tomas, ez zaitugu ahaztuko, zure ondareak bizirik dirau" zioen pankarta baten atzean.

Omenaldia manifestu baten irakurketarekin hasi da, bertan, UPNk esan du "ETAk beldurraren diktadura bidez ezarri nahi izan zuen pentsamendu bakarraren erregimenak Tomas Caballero bezalako pertsona ausarten oposizioa" izan zuela. "Frankismoaren aurrean askatasunaren defendatzaile izan zen baina demokrazia gorpuztu ondoren ere borrokan jarraitu behar izan zuen, eta ETAko mafia koldar horrek bere bizitzarekin amaituz bakarrik lortu zuen isilaraztea" esan dute.

Manifestu horretan, UPNk dio "terrorismoaren biktimak, eta ez hiltzaileak" izan behar direla amaiera honetako protagonistak, eta uste du ezinbestekoa dela "ETAk biktima guztiei barkamena eskatzea eta oraindik ere argitu gabe dauden 300 krimen baino gehiago argitzen laguntzea".

"Ezin da bakerik egon askatasunik gabe" esan dute, eta horretatik "ETA desagertzearekin batera, hauspoa eman zioten jarrerek desagertu behar dute: ezberdin pentsatzen dutenekiko presio eta jazarpena, Estatuko Segurtasun Indarren kontrakoa, adibidez". Izan ere, "egun oraindik hala gertatzen da hainbat herritan" salatu dute.

"ETAren desagertzea ez da ospatzeko kontua"

Maria Caballero, hildako zinegotziaren alaba ere UPNko zinegotzia da eta aitaren omenaldia hasi aurretik komunikabideen aurrean adierazi duenez, ETAren desagertzea "hotz antzean" hartu zuen, "ez baita ospatzeko kontua. Ez dugu ezer irabazi" esan du. Hala ere, onartu du "positiboa" dela "kalera pistola edo bonba baten mehatxurik gabe atera ahal izatea".

"ETAk egiten zuena ondo zegoela uste zutenak eta babesa ematen ziotenak garaitu eta konbentzitu egin behar ditugu" esan du Caballerok, "hori da gizarte honek oraindik ere gainditu ez duen duen ikasgaia, eta bitartean, ETAk bizirik jarraituko du".

"Ziklo berria" terminoa ez erabiltzeren aldekoa da, "terroristek erabili nahi duten hizkera baita", eta "berradiskidetze" kontzeptua ere ez du ontzat ematen, bere aita ez baitzegoen "inorekin haserretuta", bere hitzetan. "Ezin gara indarkeria erreminta eta arma politiko gisa erabili duen jendearekin eseri. Ezin dugu hau gertatu ez balitz bezala egin, eta zerotik hasi" nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea UPN Nafarroako albisteak ETA Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak