Politika -
Eusko Legebiltzarra
EH Bilduk ez du babestu ETAk 'eragindako kalte bidegabea' aitortzeko adierazpena
PSE-EEk planteatutako adierazpen instituzionala babesteko prest agertu dira EAJ, Elkarrekin Podemos eta PP, baina koalizioak aurrera ateratzea eragotzi du.
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduk ez du babestu PSE-EEk Eusko Legebiltzarreko gainerako taldeei proposatutako adierazpen instituzionala, ETAren “biktimek aldarrikatzen duten egia, justizia eta erreparazioarekin konpromiso argia” erakutsi zaldu nahi duenak, “eragindako kalte bidegabetik abiatuta”.
Sozialistek bultzatutako adierazpena babesteko prest agertu dira EAJ, Elkarrekin Podemos eta PP, baina EH Bildu koalizioak azkenean aurrera ateratzea eragotzi du, Legebiltzarreko iturriek jakitera eman dutenez. ETA desegin ostean Gasteizko Ganberaren egindako aurreneko saioan onartu nahi zuten.
“Eragindako kalte bidegabearen aitortzatik abiatuta, biktimek eskatutako egia, justizia eta erreparazioarekin konpromiso argia” agertu nahi zuen PSE-EEk proposatutako testuak.
Gainera, “edozein terrorismo edo indarkeria” arbuiatu nahi zuen. Bestalde, ETAko presoek “euren jokabidearen bidegabekeria onartzea” eskatzen zuen adierazpenak, espetxeetako legediak eskaintzen dizkien aukerak birgizarteratzeko baliatzea eskatuz.
“ETAren behin betiko desagerpena baieztatuta, euskal gizartearen lasaitua partekatzen du” Legebiltzarrak, adierazpenaren arabera. “Memoria anitz eta partekatu baten eraikuntza edozein terrorismo edo indarkeria mota eta haren legitimazio ala justifikazioaren arbuio publikoa izan behar du oinarrian”, dio testuak.
“Legedian aurreikusitako birgizarteratze helburua aintzat hartuz eta euren jokabidearen bidegabekeria onartuta, ETAko kide izateagatik zigortutako pertsonak espetxe legediak eskaintzen dizkien aukerak baliatzea komenigarria dela uste du Eusko Legebiltzarrak”, gaineratzen du adierazpenak.