Politika -

Konstituzioak 32 urte ditu

Zapatero oihu artean hartu dute Magna Cartaren urteurrenean

EAJ, ERC, ICV, BNG eta NaBai alderdiak ez dira Madrilera joan. Isabel Celaa Kultura sailburuak eta Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak parte hartu dute ospakizunean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aire-krisia sortu zenetik lehen agerraldia egin du gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Diputatuen Kongresuan, Konstituzioaren 32. urteurreneko ospakizunean. Oihu artean hartu dute Kongresuaren atarian bildutkaoek. Mariano Rajoy PPko presidenteari, ordea, "presidente, presidente" oihuekin harrera egin diote.

Hamarna pertsona bildu dira Kongresuko atearen aurrean Magna Cartaren urteurrena ospatzeko. Zapaterok hiritarren errietak eta "kanpora, kanpora" oihuak jaso ditu; eta Rajoyk, aldiz, txaloak.

Espainiarren "eskubideak eta askatasunak" jasotzen dituen Konstituzioa goraipatu dute Zapaterok eta Rajoyk. Zapateroren hitzetan, Konstituzioak "omenaldia merezi" du. Era berean, testua adostu zutenak omendu behar dira.

"Elkarrekin bizitzeko, demokrazia errespetatzeko, arazo garrantzitsuak eta serioak konpontzeko balio du", esan du Espainiako presidenteak. Ildo horretan, esan du: "krisi une hauetan Konstituzioak Estatu eredu bat ezartzen du; ongizatearen eredua, alegia".

Bestalde, Rajoyk Konstituzio-testuaren "indarraldia" aldarrikatu du; izan ere, "une zoriontsuak eman dizkio Espainiari".

Ospakizuna

Jose Bono eta Javier Rojo Kongresuko eta Senatuko presidenteak Espainiako banderari egindako omenaldiaren ardura izan dute. Madrileko Colon plazako lorategietan jaso dute bandera 10:00etan. Federico Trillo Defentsako ministroak ezarri zuen 2002an ekitaldi hori.

Konstituzioaren Eguneko ospakizun nagusia Gorteetako Jauregian izan da, Pauso Galduen Aretoan, hain justu. Jose Bonok eta Javier Rojok gidatu dute ekitaldia. Jose Luis Rodríguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea, Mariano Rajoy PPko liderra eta Espainiako hainbat agintarik parte hartu dute urtemugako ospakizunetan.

Horrez gain, Jose Antonio Alonso eta Soraya Saenz Santamaria PSOEko eta PPko bozeramaileak ere bertan izan dira, baita CiU, IU, UpyD eta UPN alderdiko ordezkariak ere.

EAJ, ERC, ICV, BNG eta NaBai alderdiak ez dira Madrilera joan. Isabel Celaa Kultura sailburuak eta Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak parte hartu dute ospakizunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea