Politika -

Nafarroa

Datorren larunbatean Iruñeko giza armarrian parte hartzeko deia egin du GEDk

135 pertsonak hartu dute parte, Oteitzan, erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak antolatutako bozketan. Parte-hartzea % 18,62koa izan da.

Gure Esku Plataformaren agerraldia Oteitzan. Argazkia: Gure Esku Dago
Gure Esku Plataformaren agerraldia Oteitzan. Argazkia: Gure Esku Dago
Gure Esku Plataformaren agerraldia Oteitzan. Argazkia: Gure Esku Dago

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dagok datorren larunbatean, maiatzaren 19an, Iruñean antolatutako giza armarrian parte hartzeko deia egin du igandean Oteitzan antolakuntzak. Ekimena Gaztelu Plazan egingo dute, 12:00etan. Nafarroako armarria irudikatuko duen mosaikoa osatu nahi dute herritarrekin. Gaurko agerraldian nabarmendutakoaren arabera, "Nafarroako etorkizuna nafarrok erabaki nahi dugu, eskuz esku, herriz herri, sareak josiz, konplizitateak sortuz".

Bozketa Oteitzan

135 pertsonak eman dute botoa Oteitzean, erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak egin duen herri ekimenean. 725 pertsona zeuden bozkatzera deituta, beraz, % 18,62koa izan da parte-hartzea.

Plataformaren esanetan, "Nafarroan jada 34 herrietan erabakitzeko eskubidearen alde aurrerapauso esanguratsuak" eman ditu. Dagoeneko, Oteitzako bozketa barne hartuta, 9.969 nafarrek hartu dute parte estatus politikoari buruzko galdeketetan.

Datuen atzean, borondate argi bat ageri dela berretsi dute arduradunek: "Nafarroan erabaki nahi dugu, eta herritarrei eragiten diguten auzi guztietan. Uste dugu borondate honekin Nafarroako herritar gehienok bat egiten dugula". Horrez gain, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena Nafarroako punta desberdinetatik aldarrikatzen hasi diren eskubide bat dela azaldu dute.

Nafarroako Parlamentuak 19 lege errekurritu ditu Auzitegi Konstituzionalean; horietatik batzuk oinarrizko eskubideak bermatzeko egindakoak. Joera zentralista horien aurrean, "guk hemen edozertaz erabaki nahi dugula argi eta garbi adierazi nahi dugu, hobe erabakiko dugulako", gaineratu dute. Eskubide zibil eta politikoen kontrako erasoen testuinguru horretan, Gure Esku Dagoren arabera, "demokraziaren defentsa eta erabakitzeko eskubidea dira ipar-orratza".

Hurrengo ekimenak

Hurrengo olatua azaroaren 18an izango da: Donostian eta Irunen. Bestalde, giza kate erraldoia antolatu dute Bilbon ekainaren 10ean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroako albisteak Gure Esku Eguneko albisteak