Politika -

Bilera Berlinen

'Baldintzarik gabeko elkarrizketa' eskatu diote Torrak eta Puigdemontek Rajoyri

155. artikuluaren aplikazioa bukatu behar dela azpimarratu du Torrak. “155.a babesten duten alderdiek eta Rajoyk hitz egiten hasteko eskaintza onartzea espero dut”, adierazi du Puigdemontek.

Quim Torra eta Carles Puigdemont Berlineko (Alemania) Sana hotelean. Argazkia: EFE
Quim Torra eta Carles Puigdemont Berlineko (Alemania) Sana hotelean. Argazkia: EFE
155. artikulua indargabetu dezatela eskatu dute Torrak eta Puigdemontek

1:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Baldintzarik gabeko elkarrizketa” bat hasteko, “eguna eta ordua” zehazteko eskatu diote Quim Torra Generalitateko presidente berriak eta Carles Puigdemont president kargugabetuak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari. Era berean, 155. artikulua “indargabetzeko” eta “Kataluniako finantzen kontrolarekin” amaitzeko eskatu diote bi buruzagiek.

Bi agintariak Berlinen bildu dira, eta ondoren prentsaurreko bateratua eman dute. 155. artikuluaren aplikazioa bukatu behar dela azpimarratu du Torrak. Gainera, “Puigdemont Generalitateko presidente izendatzeko saiakeran ez dugu etsiko”, ohartarazi du.

Era berean, Govern berria osatzeko orduan, kargua berreskuratu nahi duten kontseilari guztiak “lehengoratzeko” asmoa berretsi du president berriak.

President izendatu eta egun bat geroago, Torra Berlinera joan da Carles Puigdemontekin biltzeko. Horrela, “omenaldia egin” nahi izan dio, Kataluniako presidente “legitimoa” izaten jarraitzen duelako.

“Guztiaz hitz egiteko, aurretiazko baldintzarik gabeko” bilera bat eskatu dio Torrak Rajoyri. “155.a altxatzearekin ez da nahikoa”, esan dio.

Kataluniako Generalitatearen finantzak esku hartzeari uzteko beharra nabarmendu dute Torrak eta Puigdemontek; izan ere, Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu aurretik hartutako neurria da.

 

Torra: "Governak finantzen kontrola ez baldin badu, beste bide batzuetatik baina esku-hartzea da"

 

“Governak finantzen kontrola ez baldin badu, beste bide batzuetatik baina esku-hartzea da, eta ez luke Kataluniako herriaren borondatea errespetatuko”, argudiatu du.

Zentzu horretan, 155. artikulua altxatzearekin nahikoa ez dela errepikatu du Torrak. Generalitateak “bere diruaz erabakitzeko askatasuna izan behar du”, “gure kontrolpean izateko”, azpimarratu du.

Espainian “preso politikoak” daudela salatu du Torrak. Gainera, “egin ez duten delitu batengatik” preso daudela kritikatu du; izan ere, “inork e du matxinada ikusi” Katalunian.

Bestalde, Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa aldarrikatu du Puigdemontek, eta “erantzukizun senarekin jokatzea” eskatu du. “155.a babesten duten alderdiek eta Rajoyk hitz egiten hasteko eskaintza onartzea espero dut”, erantsi du.

Generalitateko presidente kargugabetuaren hitzetan, “politikoa den arazo bati konponbide politiko bat eman behar zaio”. “Datozen egunetan eskualde sendo batentzako Govern indartsu bat” iragarriko dute, gogorarazi duenez.

Bere ordezkoak “kataluniar guztientzako” gobernatuko duela ziurtatu du Puigdemontek, ez bakarrik independentistentzat. Lau saiakerak “kale egin” ondoren, Torraren inbestidura heldu dela gogorarazi du.

 

Puigdemont: "Pilota Espainiako Gobernuaren teilatuan dago"

 

“Gobernu guztiek mundu guztiarentzako gobernatzeko helburua dute”, adierazi du Puigdemontek. Buruzagi zehatz baten “orientazio politiko legitimoa” guztientzako gobernatzeko asmoarekin “nahastea” komeni ez dela gaineratu du.

Legealdiak lau urteko iraupena izatea espero du Generalitateko presidente ohiak: “Gauzek demokraziaren bidea hartu dutenaren seinalerik onena izango da”. Hala ere, urriaren 27tik aurrera president berriak hauteskunde berriak deitu ditzakeela azaldu du Puigdemontek, “baina hauteskundeak aurreratuko dituenik ezin dugu ondorioztatu”.

Puigdemonten ahotan, Torrak hitz egiteko borondatea du, baina exekutiboen arteko harremanak hobetzen ez baldin badu eta buruzagi soberanisten aurkako auziek jarraitzen baldin badute, “norbaitek, noizbait, testuinguru horretan, pribilegio hori planteatzea normala litzateke”.

“Pilota Espainiako Gobernuaren teilatuan dago. Auzi judizialik ez duen presidente bat dugu gaur”, azpimarratu du Puigdemontek. Torrak Rajoyri bilera bat eskatzeko gutun bat bidali diola eta oraingoz erantzunik jaso ez duela gogorarazi du president kargugabetuak.

Kataluniako gatazkaren konponbidean inplikatzeko eskatu diete Torrak eta Puigdemontek Europako agintariei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Nazioarteko albisteak Kataluniako erreferenduma Europa Alemania Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Puigdemont azken ordukoa