Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Pagazaurtundua: 'Batasunaren apustua ez da erabat zintzoa'

Maite Pagazaurtunduak uste du "indarkeriaren kulturatik datorren" alderdi batek "terrorearen historia" gaitzetsi beharko lukeela, "garbi egoteko".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maite Pagazaurtundua Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak adierazi duenez, ezker abertzalearen alderdi berriak "terrorearen historia" gaitzetsi beharko luke, "garbi egoteko".

Ildo horretan, ezker abertzaleak bide baketsuak eta demokratikoak erabiltzeko egin duen apustua "erabat zintzoa ez" dela iritzi dio eta apustu horren atzean "apur bat denetarik" egon daitekeela erantsi du.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan zehaztu duenez, "epaileak izan behar dira alderdi berri horren estatutuek legea betetzen dutela ala ez ondorioztatu behar dutenak, baina, era berean, indarkeriaren kulturatik datorren alderdi batek terrorearen historia gaitzetsi beharko lukeela uste dut".

ETAren behin betiko amaiera hurbil egon daitekeela eta, Pagazaurtunduak adierazi du erakunde armatuaren gainbehera "nabarmena" dela eta horren arrazoietako bat ezker abertzalearen legez kanporatzea dela esan du, "zilegitasuna eta dirua kendu zaielako".

"Ordutik hona arlo militarraren gainbehera etorri da. Beraz, orain arte bezala jardun behar dugu eta zorrotzak izan", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea