Politika -
Zentsura mozioa
Jauregui, Redondo eta Solana proposatu zizkion Riverak PSOEri hautagai gisa
Ciudadanosek berretsi du mozio instrumentala nahi duela, hauteskundeak deitzeko. Mozioaren bozketan ezezko botoa emango duela adierazi du berriz Riverak.
agentziak | erredakzioa
Albert Rivera Ciudadanosen presidenteak baieztatu duenez, bere alderdiak zentsura moziorako hautagai "independientea" aurkeztea proposatu dio PSOEri hainbatetan, mozio "instrumentala" egiteko, hauteskundeak berehala deitzeko helburuarekin, eta horretarako zenbait izen proposatu dizkio: Ramon Jauregui, Nicolas Redondo eta Javier Solana.
COPEn egindako elkarrizketa batean Riverak adierazi duenaren arabera, Europa Pressek zabaldu duenez, Jose Manuel Villegas Ciudadanosen idazkari nagusiak Jose Luis Abalos PSOEren Organizazio idazkariarekin hitz egin zuen asteartean, eta hautagai independenteak aurkeztea proposatu zion. Sozialistek proposamena errefusatu eta berretsi zuten bakarrik Pedro Sanchez izan daitekeela hautagaia zentsura mozio horretan.
"Pertsona independenteak ere, PSOErekin lotura dutenak, proposatu ditugu, ez daukagu arazorik, herrialde honetan Estatu mailako zeregina izan duten sozialistak badaudelako. Nicolas Redondo, Ramon Jauregi, Javier Solana jaunak. Ganbera osoaren errespetua izan dezaketen pertsonak dira, herrialdea krisialditik atera eta hauteskundeak deituko lituzketenak".
Horregatik eutsiko dio Riverak ezezko botoari PSOEk "separatista eta populistekin, Sanchez presidente egun bakar baterako izendatzeko" eta Gobernu espainiarraren aurka deitutako mozioan. "Ni separatistekin ez noa inora", esan du.
Hori dela eta, "tarteko konponbide" horren alde jarraitzen du, hots, mozio instrumentala, baina zentzuzkoena Rajoyk "denak ezustean harrapatu eta" aurrea hartzea litzateke, bere iritzian.