Politika -

Diputatuen Kongresua

Aukera guztiak irekita Pedro Sanchezen zentsura-mozioa eztabaidatu aurretik

Oraingoz, PSOEko buruzagiak Podemosen babesa baino ez du ziurtatuta. EAJk Sanchezi entzun ostean erabakiko du zer egin, baina EAJren botoak ezinbestekoak izango dira Rajoy kanporatzeko.

Pedro Sanchez. Artxiboko argazkia: EFE
Pedro Sanchez. Artxiboko argazkia: EFE
Honelakoa izango da Rajoyren aurkako zentsura-mozioaren kontrol saioa

4:51

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen aurka Pedro Sanchezek aurkeztutako zentsura-mozioa eztabaidatuko dute gaur, osteguna, Diputatuen Kongresuan, eta zer gertatuko den ez dago batere argi. Hori bai, EAJren botoak erabakigarriak izango dira beste behin ere.

Oraingoz, PSOEko buruzagiak Podemosen babesa bakarrik dauka ziurtatuta, eta Ciudadanosek behin baino gehiagotan adierazi du ez duela babestuko Pedro Sanchez presidente egingo duen zentsura-moziorik.

Gauzak horrela, Sanchezek Kataluniako taldeen eta EAJren babesa behar du bere ekimenak aurrera egiteko eta Rajoy presidente kargutik kentzeko.

Segurutzat ematen da ERCk zentsura-mozioaren alde egitea. PDeCATek eta EAJk, berriz, gaur hartuko dute erabakia, Pedro Sanchezen agerraldiaren ostean.

Zentsura-mozioak aurrea egiteko, Sanchezek 176 boto behar ditu, eta horretarako ezinbestekoak izango dira EAJko bost diputatuen botoak. EAJren zuzendaritza gaur goizean bilduko da zer egin erabakitzeko.

EH Bilduren zuzendaritza astelehenean batzartu zen bere jarrera zehazteko, baina bere bi parlamentarien botoa zein izango den publiko ez egitea erabaki zuen, azken orduan mugimendu politikoak izango direlakoan.

Bestalde, ziur egonez gero zentsura-mozioak aurrera egingo duela, Mariano Rajoyk azken orduan dimisioa eman dezakeela zabaldu da asteazkenean, baina Rajoyk berak gezurtatu du aukera hori. Ez duela dimitituko eta bere helburua legegintzaldia agortzea dela azpimarratu du.

Pablo Iglesias konbentzituta dago zentsura-mozioak aurrera egingo duela, eta, Rajoy kargutik kendu ondoren, "espainiarren gehiengoa" ordezkatuko duen koalizio-gobernua osatzearen alde agertu da.

Sanchezek bere saiakeran porrot egiten badu, berriz, Podemosek hauteskundeak deitzeko beste mozio bat aurkeztuko duela iragarri du.

Eztabaida eta bozketa

Kongresuko eztabaida 09:00etan hasi da. Pedro Sanchez ez da diputatua, baina talde sozialistaren eserleku batean izango da eta ostiraleko bozketan ere egongo da.

Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak hartuko du hitza zentsura-mozioa defendatzeko, eta nahi beste hitz egin ahalko du. Haren ostean egingo du agerraldia Pedro Sanchezek, eta honek ere ez du denbora mugarik izango.

Mariano Rajoyk hitza edozein unetan hartzeko eskubidea izango du, baita Sanchezen aurretik ere, nahi badu.

Ondoren, biek elkarri erantzuteko tartea izango dute. Sanchezen eta Rajoyren arteko eztabaida amaituta, Ana Pastor Kongresuko presidenteak etenaldi bat egingo du, eta bilkuraren bigarren zatian talde politikoen bozeramaileen txanda izango da. Txikienetik handienera egingo dituzte agerraldiak, eta bakoitzak 30 minutu izango ditu hitz egiteko.

Saioaren lehen zatian bezala, Sanchezek taldeei erantzuteko aukera izango du, banaka edo taldeka.

Iaz, Pablo Iglesiasek aurkeztutako zentsura-mozioaren eztabaidak hamaika ordu baino gehiago iraun zuen.

Ostiralean, gainerako taldeen agerraldiak izango dira, eta horiek bukatutakoan egingo dute bozketa, ahoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Mariano Rajoy Pedro Sánchez Ustezko ustelkeria politikoa Albisteak