Politika -

Zentsura-mozioa

Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko presidente berria

Behe Ganberak baiezkoa eman dio PSOEko idazkari nagusiaren zentsura-mozioari, aldeko 180 boto, 169 kontra eta abstentzio bat jasota.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatu dute. Irudia: EiTB
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatu dute. EFE
Zentsura mozioa aurrera atera da eta Pedro Sanchez da presidente berria

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia Espainiako Gobernuko presidente karguan ezarri dute, ostiral honetan, Mariano Rajoy PPko buruaren aurkako zentsura-mozioa aurrera atera ostean, Diputatuen Kongresuan.

Behe Ganberak baiezkoa eman dio Sanchezen zentsura-mozioari, aldeko 180 boto (PSOE, Elkarrekin Podemos, ERC, EAJ, PDeCat, Compromis, EH Bildu eta Kanariak Berriak), 169 kontra (PP, Ciudadanos, UPN eta Foro) eta abstentzio bat (Kanarietako Koalizioa) jasota.

Demokrazian aurrera egiten duten lehen zentsura-mozioa da, azken berrogei urteotan aurkeztutako hiruen ostean. Adolfo Suarez, Felipe Gonzalez eta Mariano Rajoyren aurka izan dira. Rajoyren aurkakoa duela urtebete aurkeztu zuen Podemosek, Pablo Iglesias burua hautagai izanda.

Espainiako Gobernuko presidentea diputatua ez den lehen aldia ere bada, beraz, ezin izan du bere burua bozkatu, eta legealdian geratzen diren Ganberako beste osoko bilkuretan ere ezin izango du egin.

Bozketa

Araudiari jarraituz, zentsura-mozioari buruzko bozketa, inbestidura saioetan izaten den bezala, publikoa da eta deialdien bitartez egiten da, hau da, diputatuei deitzen zaie, haien eserlekuan zutik jarrita botoa altu esan dezaten.

Bozketaren hasiera zozketa bidez egin dute, eta, kasu honetan, Irene Rivera Ciudadanoseko diputatuarekin hasi da; deitu dutenean, 'Ez' esan dio Pedro Sanchezi.

Bi egunetan banatutako 12 ordu baino gehiagoko eztabaidaren ostean, Kongresuko diputatuak tente jartzen joan dira haien botoa iragartzeko. EH Bilduri tokatu zaionean, koalizioak euskaraz bozkatu du.

Amaieran, Ana Pastor Kongresuko presidenteak emaitzen berri eman du.

Zorion-agurrak

Saioa amaitzean, Ana Pastor Kongresuko presidenteak eskerrak eman dizkie Rajoyri eta Sanchezi, biei begiratuz "eskerrik asko, presidente" esanez.

Segidan, PSOEko aulkia txalo-zaparrada jotzen ari zen bitartean, Rajoy Sanchezen eserlekura gerturatu da, eta eskua eman dio; horren ostean, hemiziklotik irten da.

rajoy-sanchez

Mariano Rajoy Pedro Sanchezi eskua ematen. EiTB

Sanchezek Ana Pastorren zorionak ere jaso ditu, baita Pablo Iglesias Podemoseko buruarena, Albert Rivera Ciudadanoseko presidentearena eta Aitor Esteban EAJren bozeramailearena ere, besteak beste.

Espainiako Gobernuko presidente berriak zorion-agurrak jasotzen zituen bitartean, eta sozialisten txalo artean, Podemoseko diputatuek haien alderdiko kontsigna esan dute batera, "bai, ahal da".

Sanchezen lehen adierazpenak

Pedro Sanchezek esan duenez, hartzen duen erantzunkizunaren eta une politiko "hain konplexua"ren jabe da, eta herrialdeak dituen erronka guztiei "borondatez eta determinazioz" egingo die aurre, baita adostasunetik ere.

Kongresuko korridoreetan egindako adierazpenetan, bere alderdiak aurkeztutako zentsura-mozioak arrakasta izan ostean, Sanchezek adierazi du aurretik dauden erronken "oso kontziente" izateaz gain, herrialdea "eraldatu eta berriztatu" nahi duela, "gobernu sozialistek beti egin ohi izan duten bezala", gaineratu du.

Bigarrenik, "ezegonkortasuna eta berdintasunik eza" sufritzen duten pertsona askoren "larrialdi sozialei" arreta jartzen zentratuko da.

Hori guztia, "adostasunetik, eta umiltasun askorekin", azaldu du Sanchezek. Halaber, presidente lanetan guztiz murgilduko dela nabarmendu du, "herrialdeak merezi duena hori delako".

Rajoyren agurra

Mariano Rajoyk Espainiako presidente karguari agur esan dio ostiral honetan. "Ohorea izan da Espainia aurkitu nuena baino hobeto utzi izana", esan du.

Rajoyk zorionak eman dizkio Pedro Sanchezi, eta "demokrata gisa" zentsura-mozioaren emaitza onartzen duela baina "egindakoa" babesten ez duela esan du.

 

Rajoy: 'Ohorea da Espainia jaso nuena baino hobeto uztea'
Rajoy: 'Ohorea da Espainia jaso nuena baino hobeto uztea'
Rajoy: 'Ohorea da Espainia jaso nuena baino hobeto uztea'

 

Prozesua

Kongresuaren bermea jaso ostean, Ana Pastor Ganberako presidenteak Espainiako erregeari jakinarazi beharko dio Kongresuaren erabakia, eta Mariano Rajoyren Gobernuak dimisioa aurkeztuko dio erregeari, Konstituzioko 114.2 artikuluak ezartzen duen moduan.

Une horretan, Pedro Sanchez Ganberaren konfiantzaren jabedun joko da, eta, gero, erregeak Espainiako Gobernuko presidente izendatuko du.

Aurreikuspenen arabera, izendapena larunbat honetan argitaratuko dute Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta litekeena da egun horretan bertan Sanchezek Felipe VI.aren aurrean kargua hartzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE PP Mariano Rajoy Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak