Politika -

AUZITEGI NAZIONALA

Berriz epaituko dituzte 3 preso, lehen epaiketan tortura salaketa ikertu ez zietelako

Iñigo Zapirain, Beatriz Etxebarria eta Saioa Sanchezen kontrako epaiketa errepikatuko dute asteazken honetan, Auzitegi Gorenaren aginduz, lehen epaiketan tortura salaketak ikertu ez zirelako.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak berriz ere epaituko ditu gaur Iñigo Zapirain, Beatriz Etxebarria eta Saioa Sanchez. Fiskaltzak 15 urteko kartzela-zigorra eskatzen du bakoitzarentzat, ETAk 2006an, Bilbon, INEMaren bulego baten kontra, egindako atentatuarekin zerikusia dutelakoan.

Bere garaian ere epaitu zituzten atentatu horregatik eta kartzela-zigorra ezarri zieten, baina errekurtsoa aurkeztu zuten eta 2016ko uztailean zigorrak bertan behera utzi eta Auzitegi Nazionaleko beste tribunal batek epaiketa errepika zezala agindu zuen Auzitegi Gorenak. Lehen epaiketan Iñigo Zapirainek salatutako torturak ikertu ez zirelako hartu zuen erabakia Auzitegi Gorenak.

Hala, Gorenak kaleratu zuen epaian adierazi zuen "kezkagarria" zela Espainiak torturen inguruan "behin eta berriz" Europako Giza Eskubideen Inguruko Auzitegiaren zigorrak jasotzea. Torturak ikertu egin behar direla berretsi zuen Auzitegi Gorenak bere epaian, eta epaiketa berrian Iñigo Zapirainek salatutako tratu txarren inguruan bi psikologok egindako txostena aintzat hartu behar dela ebatzi zuen.

Fiskaltzak 2006ko urtarrilean "Kontuz, lehergailua" idatzita zeraman motxila-bonba bat jartzea leporatzen die Zapiraini, Etxebarriari eta Sanchezi. Ekintza hark zauriak eragin zizkion ertzain bati eta 93.400 euroko kalteak sortu zituen.

Lehen epaiketan atentatuarekin inolako zerikusirik izatea ukatu zuten hiruek. Zapirain eta Etxebarriak esan zuten torturapean aitortu zutela atxilo-aldian eta Etxebarriak sexu-abusuak ere salatu zituen.

Kartzelan dira gaur egun hiru akusatuak, ETAren beste atentatu batzuengatik zigortuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Auzitegi Gorena Presoak ETA Epaiketak Albisteak