Politika -

WikiLeaks

Fidantzapeko askatasuna, Julian Assange WikiLeaksen sortzailearentzat

Epaileak fidantzapeko askatasuna ezarri du Julian Assange WikiLeakseko sortzailearentzat, urtarrilaren 11ko saiora arte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaileak fidantzapeko askatasuna ezarri du Julian Assange WikiLeakseko sortzailearentzat, urtarrilaren 11ko saiora arte.

39 urteko Assange iragan asteko asteartean atxilotu zuten. Gaurko bistaren hasieran, bere abokatuak fidantzapeko askatasuna eskatu du Assangerentzat.

Fiskaltzak helegitea aurkeztuko duela iragarri du dagoeneko. Datozen 48 orduetan aurkeztu beharko du, eta tarte horretan Assange kartzelan izango da.

Fidantzapean utzi du Assange Westminster Epaitegiko epaileak, baina orain Suediara estraditatua izateko eskaeraren inguruan erabaki behar du gorteak. Suedian egozten dizkioten sexu delituak une oro errefusatu ditu Assangek.

Behin aske uzten dutenean, pasaportea utzi beharko du, 10:00 eta 14:00 orduen artean eta 22:00 eta 02:00 orduen artean etxeratze-agindua izango du eta eskumuturreko elektronikoa eraman beharko du, BBC telebista kateak jakinarazi duenez. Urtarrilaren 11an aurkeztu beharko da berriro auzitegian.

Mark Stephens abokatuak esan du ez dakiela noiz aterako duten kartzelatik. "Arazo nagusia", bere hitzetan, fidantza eskudirutan ordaindu behar izatea.

"200.000 libera eskuan izan arte, errugabe bat kartzelan mantenduko dute", esan du abokatuak.

Epaitegiko ateetara hamarnaka kazetari eta Assangeren hainbat jarraitzaile hurbildu dira. Erabakiaren berri izan dutenean, poztasun oihuak bota dituzte.

Iragan astean, epaile berak Assange aske ez uztea erabaki zuen.

Errekurtsoa

Britainia Handiko epaileak hartutako erabakiaren aurkako helegitea aurkeztuko du Suediako Fiskaltzak, Mark Stephens Assangeren abokatuak jakitera eman duenez.

Westminsterreko (Londres) Magistratuen Gortearen ateetan egindako adierazpenetan, Suediako agintariek magistratuaren erabakia onartu ez izanan kritikatu du Stephensek, eta Assange espetxean mantentzeko "gastuetan erreparatuko ez" dutela erantsi du.

Horrela, errekurtsoa izapidetu artean espetxean egon beharko du Julian Assangek. Londreseko Auzitegi Gorenaren aurrean aurkeztuko dute helegitea 48 orduko epean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea