Politika -

Senatuan

Aurrekontuei zuzenketak aurkeztuko dizkie PPk, EAJrekin zuen ituna hautsita

Rafael Hernandok gogorarazi duenez, 'eskuak libre' dituzte orain eta egoera hori kontuak 'hobetzeko' baliatuko dute. Zuzenketek ez diete pentsioen igoerari eragingo.

Rafael Hernando, ostiralean Kongresuan. Artxiboko irudia: EFE
Rafael Hernando. Argazkia: EFE
Rafael Hernando, ostiralean Kongresuan. Artxiboko irudia: EFE

Agentzia | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andrea Levy PPren Ikasketa eta Programetarako idazkariordeak aurreratutakoa baieztatu du gaur Rafael Hernando Kongresuko bozeramaileak. Alegia, Alderdi Popularrak hainbat zuzenketa aurkeztuko dizkiela Senatuan 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei, "hobetzeko asmoz". Lehen, EAJrekin zuten ituna tarteko, ezin zituzten aldaketa horiek proposatu, baina akordioa "hautsita" dagoenez, orain nahi dituzten moldaketak egiteko aukera dute.

Telecinco telebista katean egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, Alderdi Popularrak ez du jada "EAJrekin harremanik" jeltzaleek "konfiantza hautsi" dutelako. Hala, "eskuak libre" dituzte Estatuko Aurrekontuak "hobetzeko" eta EAJrekin proposatu gabe geratu ziren hainbat gai sartzeko.

Zehaztapena egin du Hernandok: zuzenketek ez diote pentsioen igoerari eragingo. PPko bozeramailearen hitzetan, "gure nagusiak lasai egon daitezke, historikoa igoera handiena edukiko dute".

Hernandok nabarmendu duenez, Rajoyk bere lehen urtean, 2012an, egin asmo zituen Aurrekontuak dira 2018rako aurkeztu dituztenak, baina ezin izan zituzten une hartan proposatu, sozialistek "Espainia lur jota utzi" zutelako.

PPk gehiengo osoa du Senatuan, eta Aurrekontuak aldatzeko aukera du. Dena dela, edozein aldaketa Kongresuan berretsi behar da. Moldaketok atzera botatzeko zentsura-mozioa babestu zuten taldeen aldeko botoa eduki beharko Ganberak, eta tartean egon beharko luke Unidos Podemos ere (zalantzagarria da azken hori, Aurrekontuen kontra baitago alderdi morea).

Alderdi Popularrak astebetez atzeratu du Aurrekontuen eztabaida Senatuan

Alderdi Popularrak Senatuan duen gehiengo absolutua baliatuko du, Senatuan bihar egitekoa zen 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko eztabaida astebetez atzeratzeko.

Jose Manuel Barreiro talde popularrak Senatuan duen bozeramaileak prentsaurreko batean iragarri duenez, PPko senatariek bi eskari egingo dituzte: batetik, Aurrekontuei zuzenketa partzialak aurkezteko epea bost egunez luzatzea; bestetik, aurrekontu proiektuari buruzko eztabaida datorren astera arte atzeratzea.

Popularren esanetan, Pedro Sanchez Gobernu presidente berriak oraindik ministroak izendatu ez dituenez, ez dago Ogasun ministrorik, eta senatariek ez dute Aurrekontuak norekin eztabaidatu. Azpimarratu duenez, Ogasun ministroa Aurrekontuak azaltzera Senatura joatea derrigorrezkoa ez bada ere, orain arte Ogasun ministro izan den Montorok "aurpegia eman du beti", lehenik Kongresuan eta Senatuan gero.

Zuzenketa partzialak aurkezteko epea bost egunetan luzatzeko erabakia ere justifikatu du Jose Manuel Barreirok. Hasiera batean gaur arratsaldeko seietan amaitzen zen epea, baina PPk luzatzea erabaki du proiektuaren edukia "hobetzen saiatzeko". Gaineratu duenez, PPk aurkeztuko dituen zuzenketak "ez dira inoren kontrakoak izango, hiritarren aldekoak baizik". Hortik aurrera, iritzia ematea "besteei" dagokiela ohartarazi du.

PPrena ez den beste aurrekontu proiektu bat aurkezteko "gai ez izatea" aurpegiratu dio Barreirok Alderdi Sozialistari. "Lehen oso-oso-oso txarra orain oso-oso ona dela dirudi", kritikatu du.

EAJk popularrei "mendekuz" aritzea egotzi ostean, konpromisoa jeltzaleek hautsi zutela eta hori esatea "izugarrizko hipokrisia politikoa" dela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PP Espainiako Gobernua bideoak Espainia bideoak Alderdi politikoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Aurrekontu Orokorren albisteak