Politika -
Elkarrizketa ETBn
Pastor: 'Ezker abertzaleak besteon arau berdinekin jokatu beharko du'
PSEko bozeramaileak espero du ezker abertzaleak estatutu berriak erregistratzen dituenean alderdi guztiek onartuko dutela epaileen erabakia, "legalizazioaren aldekoa izan edo ez".
Erredakzioa
Ezker abertzalearen "lurreratzeko pista" aspalditik "prest" dagoela esan du gaur Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak. Bere hitzetan, "Espainiako demokraziaren barruan prest" dago ezker abertzalearen "lurreratzeko pista". "Alderdi demokratikoen pista berdinean lurreratu behar dira eta gainerako alderdien arau berdinekin jokatu", gaineratu du.
ETBn eskaini duen elkarrizketan berretsi duenez, epaitegiek erabakiko dute ezker abertzaleak aurkeztuko duen alderdi berriaren etorkizuna. Alderdi batzuk lehendakariari alderdi berri hori legala izateko esfortzuak egiteko eskatu dizkiote, eta Pastorrek aukera hori baztertu egin du.
"Zergatik ezker abertzalearen lurreratzeko pista besteon pistengandik ezberdina izan behar da? Zer gertatzen da? Ezker abertzalearen demokrazia hegazkinak pista ezberdinak behar ditu, ala?", galdetu du sozialistak. Ezker abertzaleak iragarritako "alderdi legalaren" estatutuen inguruan epaileek iritzia adierazten dutenean gainerako alderdiek "epaileen erabakiak onartzeko" exijitu du Pastorrek. "Nahiz eta erabakia legalizazioaren aldekoa izan ala ez", gaineratu du. Zentzu honetan, PSEk eta PPk, terrorismoaren aurkako politikan, "zati handi batean" iritzi berdina dutela esan du, baina "ez erabat".
Aurrekontuak
Bestalde, EAJk "erantzukizunez" jokatu duela esan du Pastorrek, Euskadiko Aurrekontuen eztabaidan abstenitzeko erabakia hartzean.