Politika -
Polizia operazioa
Segiko sei ustezko kide eta ETAko presoen bi abokatu atxilotu dituzte
Haritz Eskudero eta Haizea Ziluaga dira atxilotutako abokatuak. ETAko kideak trebatzea eta aginduak igortzea leporatu diete.
Erredakzioa
Espainiako Poliziak operazio zabala abiatu du gaur goizaldean Segiren aurka. Horretan, gutxienez zortzi pertsona atxilotu dituzte: legez kanpoko gazte erakundeko sei ustezko kide eta terrorismo delituak egotzita auzipetuta dauden pertsonen ohiko bi abokatu.
Terrorismoaren aurkako borrokaren iturriak aipatuta informazio agentziek jakinarazi dutenez, atxilotutako abokatuak Haritz Eskudero eta Haizea Ziluaga dira. Lehenengoa Lanzaroten (Kanariar Uharteak) atzeman dute, oporretan baitzegoen, eta bigarrena, Txomin Ziloaga buruzagi abertzale historikoaren alaba, Aranjuezeko (Madril) espetxeko ateetan. Biek Arantza Zuluetaren bulegoan lan egiten zuten. Hain zuzen ere, ETAko kideak trebatzea eta erakunde terroristaren aginduak igortzea egotzi diete.
Gainerako atxilotuak honakoak dira: Saioa Zubiaur Urraza (Bilbon), Ainhoa Villaberde Barriatiabengoa (Gasteizen) eta Ohiana Lopez Sestao, Eneko Villegas Amezketa, Izaskun Goñi Juarez eta Garazi Autor Pueyo, Marine Pueyo ezker abertzaleko buruzagiaren alaba (Nafarroan). Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak Segi berriz osatzen saiatzea leporatzen die.
Urtebetean Segiren aurka egindako hirugarren polizia-operazioa da gaurkoa. Orotara 50 pertsona inguru atxilotu dituzte dagoeneko.
2007an legez kanporatu zuten
Baltasar Garzon epaileak Segiren jarduera etetea agindu zuen 2001ean, Jarrai eta Haika erakundeen ordezkoa delakoan, eta Auzitegi Gorenak legez kanporatu egin zuen 2007an, erakunde terrorista izendatuta.
Iazko azaroan egindako polizia operazioaren autoan, Fernando Grande-Marlaska epaileak ebatzi zuen Segi "ETAren tentakulu bat" dela, ''borroka armatua'' jarraitzeko "benetako akademia terrorista".
Duela bi hilabete, azken operazioaren ostean, Marlaskak esan zuen Segi dela ezker abertzalearen "egituren artean" ETAren "ideia erradikalenekin" ados dagoen bakarra.