Politika -
Auzitegi Nazionala
Fiskaltzak helegitea aurkeztu du, Iruñeko istiluak terrorismoa izan zirela berretsita
Lau gazteri bi urteko kartzela-zigorra ezarri zieten, 2017ko martxoaren 11n Iruñean izandako istiluetan parte hartu izana egotzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2017ko martxoaren 11n Iruñeko Alde Zaharrean egindako manifestazio batean izan ziren istiluetan parte hartu izana egotzita, Auzitegi Nazionalak bi urteko espetxe-zigorra ezarri zien lau gazteri.
Fiskaltzak ebazpen horren kontrako helegitea aurkeztu du gaur, "ETAren egituraren ildotik jardun" zutela eta, ondorioz, delitu "terrorista" egin zutela iritzita.
Lau gazteak desordena publikoak eragiteagatik zigortu zituzten, baina Jose Perals fiskalak uste du ekintza "terrorista" izan zela. Horrek kartzela-zigorrak zazpi urtera luzatzea ekarriko luke.
"Errepresioari Autodefentsa" izeneko taldeak deitu zuen manifestazioa. Mobilizazioan zehar, Espainiako Poliziaren kontra harriak jaurti zituzten eta kalteak eragin zituzten kutxazain automatiko batean eta hainbat establezimendu eta edukiontzitan.
Auzitegi Nazionalaren epaiak dio ezin daitekeela esan lau auzipetuek "ETA erakunde terroristaren babespean edo beste talderen baten babespean" jardun zutela. Fiskalaren ustez, baina, han gertatu zena ezin daiteke esan "liskarra" izan zela, "ezta gazte talde batek bat-batean egindako desordena publikoak izan zirela".
Alderantziz, fiskalak berretsi egin du "aurretik pentsatutako eta antolatutako ekintza terrorista" izan zela eta Iruñeko "bake publikoa aztoratzeko asmoz" egin zutela. Halaber, ETAren ildoa jarraituz aritu zirela erantsi du, eta 2017ko martxoan ETA desegin gabe zegoela azpimarratu du.
Jose Perals fiskalak Altsasuko auziaren epaiaren kontrako helegitea ere aurkeztu du ostegun honetan, Altsasuko zortzi gazteei terrorismo delitua leporatu behar zaiela berretsita.