Politika -
Mugimenduak Batasunan
Ortuzarrek PSEren 'joko bikoitza' eta ausardia falta kritikatu du
Jeltzaleen liderrak "balorazioak gainditu eta ekintzetara pasa behar dugu". Horren harira, PPk PSE "erabat menpe" izatea deitoratu du.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJko BBBko presidenteak Alderdi Sozialistaren "joko bikoitza" gaitzetsi du. Ortuzarren esanetan, PSE "agertoki politiko berrian lekua hartzen" hasi da baina "ausardirik erakutsi gabe eta egia esan gabe". Ondorioz, "batzuetan lakio berdea kendu egiten dute eta beste batzuetan, berriz, jarri". Horren harira, bakea lortzeko aukerak "seriotasun gehiago" eta "kalkulu politiko gutxiago" eskatzen duela gogoratu du.
Ortuzarrek Bizkaiko Igorre udalerrian egin ditu adierazpen hauek, bertan Arratiako eskualdeko hautagai jeltzaleen aurkezpena egin du. BBBko presidenteak ez du ETAren balizko su-etenaren inguruan ezer adierazi nahi izan. "Iragarpena egiten dutenean, irakurri eta baloratu egingo dugu, bitartean ez dugu ETAren komunikazio agentziaren papera egingo", gaineratu du jeltzaleak.
Alderdi sozialista "agertoki berrian lekua bilatzen ari da baina alde batetik PPk asko baldintzatzen du eta bestetik ezker abertzaleak ematen ari den pausuak aintzat eta serio hartu behar direla daki".
Azkenik, Ortuzarren ustez "balorazioak gainditu eta ekintzetara pasa behar dugu". "Denok mugitu behar dugu eta aukera aprobetxatu behar da".