Politika -

Presoak

Etxerat: 'Iraganeko egoera baten baitan diseinatutako sakabanaketak bukatu behar du'

Sakabanaketaren “oinarria mendekua” dela uste du elkarteak, “sufrimendua atzean uztea” beharrezkoa den unean.

Etxeraten prentsaurrekoa Hernanin (Gipuzkoa). Argazkia: Etxerat
Etxeraten prentsaurrekoa Hernanin (Gipuzkoa). Argazkia: Etxerat
Etxeraten prentsaurrekoa Hernanin (Gipuzkoa). Argazkia: Etxerat

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxerat euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak sakabanaketaren amaiera eskatu du gaur, “salbuespenezko espetxe politika” delako. “Iraganeko egoera baten baitan” diseinatu zutela gogorarazi du. Etxerateko bozeramaileek, presoen senitartekoek lagunduta, prentsaurrekoan eman dute Hernanin (Gipuzkoa).

“Sakabanaketa ETAren desagerpena lortzeko indar neurri eta xantaia gisa beharrezkoa zela esaten zen: helburu hau lortzeko baliabide guztiak egokiak omen ziren. Behin ETA desagertuz gero, sakabanaketa bertan behera geldituko zela adierazi zuten, eta norbaitek data eta ordua ere zehaztu zituen: ETA desagertu eta handik 48 ordura sakabanaketa indargabetuko lukete”, gogorarazi du elkarteak.

“Gaur egun, ETA desegin ondoren, inolaz ere zuritu ezin dena zuritzeko ez dago aitzakiarik. Eskubideak urratzen dituen salbuespenezko espetxe politikak ezin du minutu bakar bat gehiago ere iraun, sakabanaketaren oinarria mendekua baizik ez baita. Euskal gizarteak egoera hau gainditu nahi du”, azpimarratu du.

“Sufritzen duen jende orok bezala, guk ere sufrimendua atzean utzi nahi dugu, aurrerantz egiteko itxaropena behar dugu eta egoera hau bertan behera utzi behar deneko konfiantza behar dugu. Aurrekoetan ere honelakoak adierazi izan ditugu eta orain berriz ere adierazi nahi dugu”, nabarmendu du.

Etxerat: "Salbuespenezko espetxe politikak ezin du minutu bakar bat gehiago ere iraun"

“Etxeratek indarkeria mota guztiek eragindako sufrimendua aitortu egiten du”, errepikatu du.

Gurean sufrimendua zer den oso ongi dakigu eta horrexegatik beste sufrimendu batzuk ere aitortzeko gauza gara. Euskal Herriko biktima gehienekin gertatzen den bezalaxe, euskal presoen senideok asko sufritu dugun arren guk ez dugu inolako mendekurik nahi. Gertatu dena berriz ere gerta ez dadila nahi dugu”, aldarrikatu elkarteak.

Etxeraten hitzetan, “egoera politiko berriak gatazkaren indarkeriaren eraginez sortutako ondorio guztiak entzun, sendatu eta konpondu behar dituela uste dugu; eta norabide horretan, euskal preso eta iheslarien afera ardatz nagusia izango da”.

“Iraganeko egoera baten baitan diseinatutako eta indarrean dagoen salbuespeneko espetxe politika gainditzeko berebiziko presa dugula adierazi beharra dugu. Ez dugu onurarik nahi”, adierazi dute.

“Indar politikoei, erakundeei eta Gasteizko eta Iruñeako legebiltzarrei bide berri eta zail honetan aurrera egiteko sendotasuna eskatu eta gizarte zibilaren lana babestea exijitzen dugu”, erantsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Hernani Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak ETA Albisteak