Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Egibarrek uste du ETA amaitzeko aukera 'ona' dela oraingoa

EAJren Legebiltzarreko bozeramailearen arabera, Lizarrakoak eta beste prozesu batzuk eszeptizismoa sortu dute, baina bakerako bideak ez du atzera bueltarik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak uste du ETA amaitzeko eta Batasuna bide politikoetara itzultzeko aukera "ona" dela oraingoa, aurreko antzerako prozesuak porrot egin badute ere.

"Atzera bueltarik ez duen sentsazioa zabaldu da, estrategia politiko-militarraren zikloa amaitu dela eta ez dagoela atzera egiterik", adierazi du Egibarrek Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean.

ETAren balizko agiri bati buruz galdetuta, Egibarrek azpimarratu du "garrantzitsua" izango dela, jasotzeko "nahia" handia delako. Hala ere, edukia ezagutu eta "indarkeria betiko baztertzeko asmoa" agertzen ote duen jakin arte itxaron behar dela goraipatu du.

Hala eta guztiz ere, ETAk esaten duena esaten duela, Batasunak hauteskundeetan parte hartzeko aukera izan behar duela uste du buruzagi jeltzaleak, izan ere, "dagoeneko esan du bere helburua, legalizazioa lortzeaz gain, bide politikoen aldeko apustua egitea dela".

EAJren ordezkariak esan du ez dakiela EAk eta Batasunak udal-hauteskundeetan elkarrekin aurkezteko asmoa ote duten, baina argi esan du "aukera librea" litzatekeela.

Egibarren esanetan, hauteskunde horien ondoren PPk eta PSE-EEk "botoak batuko dituzte abertzaleak baztertzeko aukera dutenetan", beraz, "hauteskundeetako etsaiak" izango dira EAJrentzat eta, horregatik, ez dute planteatu ere egiten "haiekin ituna sinatzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea