Politika -

GASTEIZ

Judimendiko eragileek presoen errealitatea ikusarazteko eskubidea defendatu dute

Artifizialki elikatutako 'kanpaina mediatiko-judiziala' salatu dute, eta Gorka Urtaran alkateari eta haren gobernu taldeari piromanoak bailiran aritzea leporatu diete.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Judimendiko jaien inguruan sortutako polemikaren harira, presoen errealitatea ikusarazteko auzoko jaiak baliatu nahi dituztenek horretarako duten eskubidea defendatu dute Judimendiko herri eragileek. Azaldu dutenez, hiru auzokide "arrazoi politikoengatik sakabanatuta" daude.

Judimendikoak auzo elkarteak, Gasteizko auzoko jaiak antolatzen dituen kolektiboak, kendu egin du egitarautik presoen eskubideen alde egitekoa zen kalejira. Horren harira, Judimendiko zenbait herri eragilek prentsaurreko bat eskaini dute gertaturikoari buruzko beren iritzia emateko.

Prentsaurrekoaren deitzaileek gertaturikoari buruzko "kanpaina mediatiko-judiziala" egon dela salatu dute, eta kazetarien galderarik erantzungo ez dutela ohartarazi ostean agiri bat irakurri dute. Horien esanetan, auzoko hiru presoren eskubideak aldarrikatu eta haien familiei elkartasuna adierazi nahi dieten herritarrek hori egiteko eskubide osoa dute.

"Pertsona bakoitzak pairatzen duen saminari errespetu osoa adieraziz, sakabanaketa politika salatzea zilegi eta guztiz beharrezkoa dela uste dugu. Gainera, adierazpen askatasun ariketa bat ere bada".

Azaldu dutenez, ez dago eta ez da egon Diego Ugarte presoaren aldeko omenaldi deialdirik. Ildo horretan, "jaiak kriminalizatzeko saiakera" zertara datorren galdetu dute.

Bestalde, piromanoak bailiran aritzea leporatu diete Gorka Urtaran alkateari eta haren Gobernu taldeari. Horrez gain, artifizialki sortutako kanpaina mediatiko-judiziala jarraitzea leporatu diete, aurrez informazioa eta iritzia auzo elkartearekin kontrastatu gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala berriak Politika Gorka Urtaran albisteak Albisteak Gaur Gasteiz Eguneko albisteak Jaiak