Politika -

Elkarrizketa ETBn

ETAren ustezko lapurreta gaitzesteko eskatu diote ezker abertzaleari

Antonio Basagoiti EAEko PPren buruak eta Serafin Llamas EBren bozeramaileak bat egin dute ezker abertzaleari lapurretaren kontrako jarrera ager dezan egin dioten eskakizunean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak esan du ezker abertzaleak ustez ETAk astelehenean egin zuen lapurreta gaitzetsi beharko lukeela "argi eta garbi" bere proiektuak sinesgarritasuna izan dezan.

ETBko ''Egunon Euskadi'' saioan elkarrizketa egin diote Basagoitiri eta atzo zabaldutako albistea izan du hizpide. Astelehenean, ETAko kideen izenean lapurreta egin zuten hiru pertsonak Frantzian eta dokumentuak faltsutzeko materiala eraman zuten.

EAEko PPren buruak esan du "albiste txarra" dela eta "larria" dela "ETA terrorismoan eta hilketetan jarraitzeko lanean aritzea".

Dena dela, Basagoitik aitortu du albistea ez dela berak aurreikus zezakeenaren kontrakoa, izan ere, "beti hanka sartzen ari direnek soilik pentsa zezaketen dena eginda zegoela, inoiz ez diotelako egiari aurre egin eta lehen gaiztoak zirenak orain zintzotu egin direla pentsatzen dutelako". Hala eta guztiz ere, "morala" ez dela galdu behar eta terrorismoaren kontrako "sendotasunari" eutsi behar zaiola iritzi dio.

EB

Serafin Llamas Ezker Batuaren bozeramaileak "publikoki" ETAren ustezko lapurreta gaitzesteko eta talde armatuari indarkeria "betiko" uztea eska diezaiola exijitu dio.

Llamasek uste du ezker abertzaleak horixe egin behar duela, izan ere, lapurreta "bateraezina" omen da bide politiko eta demokratikoen aldeko apustuarekin. "Dokumentuak faltsutzeko materiala lapurtzeak zalantza sortzen du ETAk ezker abertzalearen diskurtsoarekin bat egin ote duen eta talde terroristaren barruan egon daitekeen zatiketaren susmoa handitzen du", ohartarazi du buruzagi ezkertiarrak.

Horren harira, Llamasek uste du "inoiz baino ezinbestekoagoa" dela ETAk agiria kaleratzea Bruselako adierazpenari erantzunez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea