Politika -

Tortura

Espainian iaz 224 eraso, tortura eta tratu txar kasu izan zirela salatu dute

Torturaren Prebentziorako Koordinakundeak 2017ko datuekin aurkeztutako txostenaren arabera, 1.014 izan dira Estatu osoan, eta gehiago izan litezke, kasu asko ez direlako salatzen.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Torturaren Prebentziorako Koordinakundearen txostenaren arabera, iaz funtzionario publikoek 224 eraso, tortura eta tratu txar kasutan hartu zuten parte, 1.014 pertsonari eraginez. 2017ko datuak dira.

Unibertsitateko irakasle eta Salhaketako kide Cesar Manzanosek aurkeztu du txostena, Gasteizen. Datuok, salatzen dutenez, "icebergaren tontorra baino ez dira".

Salaketa batzuk ez dituzte txostenean sartu, kaltetuak eskatu duelako edo dokumentatzeko nahikoa informaziorik ez dagoelako. Gainera, kasuen kopuru "garrantzitsu" bat ez dira salatzen, kaltetuak migratzaileak edo bereziki ahulak direlako.

Txostenean azaltzen dutenaren arabera, Koordinakundeak segurtasun indarretako kideen esku-hartzeak "torturatzat" har daitezkeen ekintzak sortzen ditueneko kasuei deitzen die "kasu". Eta "kaltetutako pertsonak", beraz, egoera hori pairatu dutela salatzen edo onartzen dutenak dira. Adibidez, poliziaren oldarraldi batean talde bat kaltetua izan bada, baina salaketa hiruk baino ez badute jarri, txostenean "kasu bat eta hiru kaltetu" izan direla adieraziko dute.

Azken txostenean salaketen igoera izan da, Kataluniako erreferendumean izandako istiluengatik. Izan ere, Katalunia da kasu gehien izan diren autonomia erkidegoa: 106 kasu eta 619 kaltetu. Gero Madril (21 kasu eta 102 kaltetu) eta Ceuta (8 kasu eta 117 kaltetu) datoz.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, kasu bakarra eta bi kaltetu izan dira. Manzanosek ez daki hori Ertzaintzaren protokoloak modu egokian funtzionatzen ari direlako den, edo publiko egin ez diren kasuak daudelako.

Egoeraren arabera, 618 pertsona mobilizazioetan parte hartzen ari ziren, 287 migratzaileak ziren eta 59, presoak.

Koordinakundeak salatu duenez, migratzaileek jasandako kasuen kopuruak gora egin du, eta arrazoia atzerritarrak barneratzeko zentroetan "taldean egindako tratu txarrak" dira, presoek egindako protesten ostean gertatutakoak.

Polizia nazionalak dira salaketa gehien jaso dituztenak (82 kasu eta 551 kaltetu). Gero guardia zibilak datoz, 41 kasu eta 338 kalteturekin, eta presondegietako funtzionarioak daude ondoren, 57 kasu eta 58 kalteturekin.

Gainera, 2017an 55 pertsona hil ziren presondegietako funtzionarioen (27), guardia zibilen (10) eta esquadra mossoen (8) eskuetan zeudela.

Txostenean onartzen denez, batzuk saihestu ezineko istripuen ondorio izan ziren, baina beste batzuk zabarkeriaren erruz, presoen osasuna ez zaintzeagatik edo baldintza okerretan egoteagatik izan ziren.

2004 eta 2017 artean, Koordinakundeak 3.602 kasu eta 9.085 kaltetu dokumentatu ditu.

Kasu hauen inguruan "etsipen" kultura zabaldu dela salatu dute, gobernuek tortura eta tratu txarrak desagerrarazteko borondaterik ez dutelako, eta askotan sistema judizialak "konplizitatearekin" jokatzen duela eta "datuak ezkutatzen" direla salatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gizartea Eguneko albisteak Albisteak