Politika -

Epaiketa

Irailetik aurrera deklaratuko dute 'De Miguel' auziko 26 akusatuek

Uztailean legez kanpo elkartze delitua epaituko dute, makroprozesuaren azken zatia. EAJko buruzagi ohiek komisioak jasotzeko ustez eratu zuten sarea epaitzen ari dira.

Akusatuak, 'De Miguel' auziko epaiketan. Argazkia: Efe
Akusatuak, 'De Miguel' auziko epaiketan. Argazkia: Efe
Akusatuak, 'De Miguel' auziko epaiketan. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'De Miguel auzia' deritzon makroprozesua azken txanpan sartuko da Arabako Lurralde Auzitegian. EAJko buruzagi ohiek komisioak jasotzeko ustez eratu zuten sarearen epaiketa 12 zatitan banatu zuten, eta azkenekoan sartuko dira uztailean. 26 akusatuen deklarazioa, berriz, irailean izango da.

EAEn ustelkeriarekin lotuta sekula egin den epaiketa handiena urtarrilaren 8an hasi zen, eta ordutik saio ugari egin dituzte, leporatzen zaizkien delituen arabera banatuta.

Uztailean azkena aztertzen hasiko da epaitegia, legez kanpo elkartze delitua. Fiskaltzak uste du Alfredo de Miguel, EAJren buruzagi ohia, legez kanpoko komisioak jasotzeko sarearen burua zela Aitor Telleria eta Koldo Ochandiano kargudun jeltzale ohiekin batera.

Fiskaltzaren arabera, hiru horiek eta horien hiru emazteek (auzipetuta daude baita ere) elkarte sare bat sortu zuten 2005a baino lehenago "legez kanpoko etekin ekonomikoa lortzeko, euren burua eta beste batzuk aberasteko helburuarekin".

Azken blokea

Azken bloke horretarako bost saio aurreikusi dituzte, uztailaren 2tik 11ra. Gero saioak etengo dituzte iraila erdialdera arte, eta orduan 26 akusatuen txanda izango da.

Ainhoa Alberdik eta Beatriz Vicinayk ez dute deklaratuko azken fase honetan. Alberdi abokatua izan zen 2009ko abenduan auzia salatu zuena.

Ministerio Publikoarentzat Alberdik nahikoa hitz egin du epaiketan, eta onartu egin du horren abokatuak azken blokean ez parte hartzeko egindako eskaera.

Alberdik hiru saiotan deklaratu zuen. Salaketa berretsi zuen eta auzipetuek komisioak eskatu zizkiotela azpimarratu zuen. Gainera, komisio eskaera horien grabazioak ere entzun ahal izan ziren epaiketan.

Azaroak 28

Hasiera batean epaiketa urriaren 25a arte luzatzea aurreikusi zuten, baina epea azaroaren 28raino atzeratzea erabaki zuten gero, akusatuen deklarazioen ostean, dokumentu froga garaia datorrelako, eta gero alde guztien txostenen aurkezpena (Fiskaltza, Bizkaiko Aldundia, Jaurlaritza, auzipetuen abokatuak).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Araba Delituak bideoak Epaiketak albisteak Ustelkeria politikoa gaur De Miguel auzia albisteak