Politika -

Auzitegi Nazionala

Auzitegiak berretsi egin die 15 urteko kartzela-zigorra ETAko hiru kideri

Bilbon lehergailu bat zartarazteagatik zigortu dituzte. Gorenak bertan behera utzi zuen lehen epaia, eta epaiketa errepikatzea eskatu zuen, tortura salaketa bat medio.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak 15 urteko kartzela zigorra ezarri die ETAko Otazua taldeko hiru kideri 2006ko urtarrilaren 29an Bilboko INEMen bulego batean lehergailu bat zartaraztegatik. Eztandak ertzain bat zauritu eta 93.000 euroko kaltea eragin zuen.

Zigor Aretoko bigarren sekzioak kalte terroristak egitea egotzi die Saioa Sanchezi, Iñigo Zapiraini eta Beatriz Etxeberriari; eta zigorra bete eta beste hamar urtez ezin izango dute Bilbon bizi.

Auzitegi Nazionalak gertakari horiek epaitzen dituen bigarren aldia da, Auzitegi Gorenak lehen ebazpena (zigor bera jarri zien) bertan behera utzi ostean. Zapirainek salatu zuen Guardia Zibilaren mehatxupean egin zuela atentatuaren aitortza, eta horregatik, Istanbuleko Protokoloa ezarri eta froga psikologikoa egin behar zitzaiola. Auzitegi Nazionalak ez zuen froga psikologikoa egitea onartu, hori dela eta, Gorenak bertan behera utzi zuen ebazpena.

Defentsak eskatuta egindako txosten psikologikoan ondorioztatu zuten Zapirainen tratu txar salaketa sinesgarria zela. Hala ere, txosten hori eskuartean, Auzitegi Nazionalak uste du ez dela "ukaezina", eta ez du aintzat hartu.

Zapirainen arabera, gertakarietan parte hartu izana aitortu zuenean "mehatxupean" egin zuen, Guardia Zibilak "bikotekidea bortxatuko zuela" mehatxu egin ziola esan zuen.

Baina Auzitegi Nazionalarentzat "erabat ezinezkoa" da Guardia Zibilak esandakoa aitortu izana, Guardia Zibilak ez zekielako Zapirainek atentatuarekin zer zerikusi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Politika Auzitegi Gorena Delituak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Epaiketak bideoak Albisteak Espetxeen azken ordukoa