Politika -
Generalitat
Mas, Kataluniako presidente berria PSCren abstentzioari esker
CiUren buruzagiak argi adierazi nahi izan du sozialistekin lotutako akordioa ez dela gobernagarritasuna bermatzeko ituna; gai garrantzitsuenetan adostasuna izatera mugatuko omen da.
Erredakzioa
Kataluniako Parlamentak Artur Mas CiUren buruzagia izendatu du Generalitataren presidente berri 62 diputaturen babesarekin, PSCren 28 diputatuen abstentzioarekin eta PPCren, ERCren, ICV-EUiAren, Solidaritaten eta Ciutadansen 45 diputatuen kontrako botoekin.
Oposizioan zazpi urte egon ostean, Mas izango da Kataluniako Generalitataren 129. presidentea eta datorren astelehenean, hilaren 27an, hartuko du kargua ofizialki, Parlamentaren presidenteak ganberaren erabakia Juan Carlos Espainiako Erregeari jakinarazi ostean.
Sozialista kataluniarrek Masen inbestidura ahalbidetu dute akordio bati esker. Horren arabera, CiUk eta PSCk ados egon beharko dute Kataluniari eragiten dieten gai garrantzitsuenen inguruan erabakiak hartzeko, baina akordioa ez da gobernagarritasuna bermatzeko ituna izango.