Politika -
EPPK
Presoen kolektiboak bat egin du ezker abertzalearen pausoekin
"Gobernuaren ordezkariak" kritikatu dituzte "xantaia" egiten dietelako kalera ateratzeko aukera emanez "damu politikoa" agertzearen truke.
Erredakzioa
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) agiria kaleratu du, Gara egunkariaren bitartez, eta bertan ezker abertzaleak "irekitako bide politikoarekin bat egiteko" asmoa agertu du. Horretarako "ekimenak" iragarri dituzte "Euskal Herriak behar duen prozesuari abiadura egokia emateko".
Aipatu testuan, Espainiako Gobernuari kritika gogorra egiten diote "ordezkariak" bidaltzen dituelako "ziegen atarira damu politikoaren" edo presoen kolektiboa uztearen truke kalera ateratzen uzteko aukera ematen. EPPKrentzat "presoen kontrako xantaia" da hori.
Espainiak eta Frantziak "euren borondatez eta doan ezer ere ez" dietela emango aitortu ondoren, kolektiboak berretsi du bide politiko berriarekin bat egingo duela "agente politiko" gisa. Era berean, ilusio handiz hartu dute datorren urtarrilaren 8an presoak euskal herriratzearen alde deitu duten manifestazioa eta "indarrak batzeko" deia egiten dute "amnistia eta autodeterminazioa" lortzeko.
Horren harira, ezker abertzalearen apustuak "gure borrokarenganako konfiantza" indartu duela uste du EPPK, eta horrek "irtenbide demokratikoa" ahalbidetuko duela, hau da, "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea eta erabaki horren errespetua" ekarriko duela.
"Xantaia eta mehatxuak"
Espainiako Gobernuak duen kartzela politika salatu dute, "Gobernuaren ordezkariak daude ziegen atarietan eskaintzak, xantaia eta mehatxuak" egiten. "Atea jotzen dute, presoz preso, kalera irteteko aukerak emanez testu bat edo bestea sinatzearen truke", agirian azaldu dutenez.
Onurak lortzeko baldintzak "EPPK uztea, damu politikoa eta safariko garaikur gisa erakusten uztea" omen dira. Gainera, eskaintza horiei uko eginez gero "kartzelako baldintzen okertzea automatikoa" dela azpimarratu dute.
Gaixo dauden presoak kalera ateratzea
Bestalde, "premiazko" neurritzat jo dute gaixotasun larriak dituzten presoak eta zigorra bete dutenak kartzelatik ateratzea. Era berean, "bakartzeak" amaitzea eta "presoak, eskubide guztien jabe, Euskal Herriratzea" exijitu dute.