Politika -
Mezuaren gaineko erreakzioak
EAJ: 'Erregeak terrorismoari eskainitako tartea laburregia izan da'
PPk PSEk baino ez dute defendatu krisia hitzaldiaren ardatz izatea. EAJren eta Aralarren arabera, ez zuen terrorismoaren gaian sakondu ETAren balizko agiri baten berri duelako.
Erredakzioa
Juan Carlos Erregearen Gabonetako mezua "zentzuzkoa izan da eta krisia izan du ardatz, hori baita herritar gehienen ardura nagusia", adierazi du Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari orokorrak.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak "positibotzat" jo du mezua "herrialdearen arazoekin eta eguneroko errealitatearekin lotura zuelako".
Josu Erkoreka EAJko Diputatuen Kongresuko bozeramailearen arabera, "izugarri laburra" izan da terrorismoari egindako aipamena, "ziurrenik" azken urteetako "laburrena". Errege-erregina ETAren balizko agiri baten "zurrumurruaren" jakitun direlaren seinale, gaineratu du.
"Arreta deitzen du" terrorismoaren gaiari "hain denbora gutxi" eskaintzea, esan du Jon Abril Aralarreko koordinadoreordeak. Horren aburuz, Erregeak ETAren balizko agiri baten "berri" duelako ez du gaian sakondu.
"Espainiako monarka ez da gai izan Gabonetako mezua Euskal Herriak abiatutako garai politiko berrira egokitzen", salatu du Juan Jose Agirrezabala EAko legebiltzarkideak.
Serafin Llaman Ezker Batuak-Berdeak Presidentetzarako bozeramailearen esanetan, "oso zinikoa da krisiaren kaltetuekiko elkartasuna adieraztea jauregiko tronuan eserita zaudela".
"Espainiako batasuna ezin negoziatu" izana kritikatu du Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak, eta "bake eta normalizazio agertoki bat martxan jartzeko baztertzeko" eskatu dio Erregeari.
Gorka Maneiro UpyDko legebiltzarkidearen ustez, mezua "zentzuzkoa" da, baina ez du "gauza berririk" esaten.