Politika -
POLIZIA OPERAZIOA
Ustelkeriaren aurkako makrooperazioa, Estatuko 20 bat udaletan
Polizia 60 atxiloketa eta hainbat miaketa egiten ari da hamaika udaletan, Sacyr enpresari mesede egiteko ustez kontratuak moldatzeagatik. Halaber, dokumentazioa eskatu diote Gasteizko Udalari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Polizia ustelkeriaren aurkako makrooperazioa egiten ari da Estatuko 20 bat udaletan, eta 60 pertsona inguru atxilotu eta hamaika miaketa egitea aurreikusi dute. Trafikoaren kudeaketari lotutako kontratu publikoak manipulatu izana leporatzen diete udal horiei.
Ikerketako iturriek azaldu dutenez, Delinkuentzia Ekonomiko eta Fiskalerako Unitatea (UDEF) eta Ustelkeriaren kontrako Fiskaltza ari dira operazioa bideratzen, eta multen kudeaketan eta semaforo bidezko trafiko erregulazioan iruzurrik egon den ala ez ikertzen ari dira.
Makrooperazioaren baitan, dokumentazioa eskatu diote Gasteizko Udalari. Gasteizko EH Bilduk Twitter sare sozialaren bidez jakinarazi duenez, Udalak ikerketapean dagoen Aplicaciones Gespol SL enpresa kontratatu zuen 40.000 euroren truke. Horren harira, azalpenak eskatuko dituela iragarri du.
Eskatutako informazio guztia Polizia Judizialaren esku jarri du Gasteizko Udalak. “Eskaeraren berri izan dugun unean bertan, eskatutako informazio guztia Polizia Judizialaren esku utzi dugu, dokumentuen kopia konpultsatua, hain zuzen ere”, ziurtatu du Udalak.
Bestalde, operazioaren berri emateko, talde politikoak 18:00etarako deitu ditu Gorka Urtaran alkateak. Alkatea “informazio guztia emateko” prest azaldu da.
Justiziari laguntzeko prest agertu da Udal Gobernua. Horregatik, gardentasunez eta diskrezioz arituko dela iragarri du, ikerketa eraginkortasunez garatzeko; izan ere, sumario-sekretua ezarri dute.
“Espediente sorta baten inguruko informazioa biltzeko eskakizun judiziala” jaso duela baieztatu du alkateak, Udalak agiria argitaratu baino lehen, baina ez du xehetasun gehiagorik eman.
Makrooperazioak ezustean harrapatu duela onartu du Itziar Gonzalo Gasteizko alkateordeak. Gertatutakoa argitzeko Udalaren laguntza bermatu du alkateordeak.
Polizia operazioaren erdigunean Sacyr enpresa taldearen Aplicaciones Gespol SL dago, 2016ko urrian Bartzelonan sortu eta ibilgailuen zirkulazioa erregulatzeko aplikazioak egiten espezializatu dena. Ikertzaileen ustez, Sacyr enpresa taldeari mesede egiteko, kontratu publikoak manipulatu zituzten udal horiek. Ikerketak PSOE, PP eta Ciudadanos buru dituzten udalak zipriztindu ditu.
Hainbat delitu egin ote diren aztertzen ari dira: eroskeria, influentzia-trafikoa, prebarikazioa, funtzionarioei debekatutako negoziazioak egitea, sekretu ofizialak jakinaraztea, diru publikoa bidegabe erabiltzea, ogasunaren aurkako delitua, kapitalak zuritzea eta talde kriminaleko kide izatea.
Badalonako 2. Instrukzio Epaitegiak agindu du ikerketa, eta sekretupean jarri du auzia. "Enredadera" izena jarri diote polizia operazioari.
Polizia miaketak egiten ari da udalerri hauetako udaletxeetan, Badalonako epaitegiak aginduta: Madrilen, Alcobendas, Arroyomolinos, Majadahonda, Parla, Pinto, Villanueva de la Cañada, Torrelodones eta Fuenlabrada udalerrietako udaletxeetan; Katalunian, Lleida, Tiana eta Mollet del Vallesen (Bartzelona); Leonen, Leon, Villaquilambre eta San Andres del Rabanedokoetan; eta Oviedo, Plasencia (Caceres), Velez Malaga (Malaga), Palentzia, Teruel, Huesca eta Illescas (Toledo) udalerrietakoetan.
Halaber, Gasteizko Udalari bezala, Alacanteko Diputazioari eta udalerri hauetako udalei ere eskatu diete dokumentazioa: Mataro, Montgat, Pineda de Mar, Premià de Mar, Rubi, Aldea del Fresno, Brunete, El Escorial, Galapagar, Manzanares el Real, Valdemorillo, La Cisterniga, El Puig, Gandia, Logroño, O'Grove eta Sant Vicent del Raspeig.
Arroyomolinoseko alkatea, ustelkeriagatik atxilotutako Ciudadanoseko lehendabiziko ordezkaria
"Enredadera" polizia operazioaren baitan, Carlos Ruiperez Madrilgo Arroyomolinos udalerriko alkatea (Ciudadanos) eta alkateordea atxilotu dituzte. Hain zuzen ere, ustelkeria egotzita atxilotu duten Ciudadanos alderdiko lehen ordezkaria da.
Bartzelonan, ostera, Aplicaciones Gepsol enpresako bi arduradun atzeman ditu Poliziak.
Horrez gain, Jose Francisco Cano Fuenlabradako udaltzainen burua, Plasenciako udaltzainen inspektoreordea, Sadat Maraña Ciudadanosek Leongo Diputazioan duen aholkularia eta Juan Carlos Fernandez Leongo San Andres de Rabanedo Udaleko bozeramailea atxilotu dituzte, besteak beste.