Politika -

Heriotzaren erreakzioak

Urizar: 'Agertoki politiko berriaren sustatzailea zen Intxaurraga'

Lehendakariak azpimarratu du herriaren alde etengabe lanean aritu zela. Sailburu ohiaren gorpua gaur erraustuko dute eta bihar izango da hileta Zeanurin, 18:00etan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Urizar EAren idazkari nagusia "atsekabetuta" agertu da Sabin Intxaurraga EAko kide eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiaren heriotza dela eta. Urizarrek azpimarratu du "euskal agertoki politiko berriaren sustatzailea" izan zela.

Agiri batean EAren buruzagiak azaldu duenez, Intxaurraga "gizon ona izan zen, independentziaren aldeko jarrera sendoa izan zuen eta abertzaletasunaren erreferentea zen". Era berean, ardura izan zuen kargu guztietan Eusko Alkartasunaren ideiak babestu zituela azaldu du, "lan politikoa gidatzen zuen ideia nagusiekin beti: abertzalea, ezkertiarra eta giza-eskubideekiko konprometitua".

"Egungo egoera politikoarekin oso ilusionatuta eta gogotsu zegoen", izan ere, "hein handi batean, euskal agertoki politiko berriaren sustatzailea izan zen". "Subiranotasunaren aldeko mugimendu aurrerakoi baketsua osatzearen alde zegoen, eta oso gustura zegoen Eusko Alkartasuna egungo testuinguruan egiten ari den lanarekin. Bere babesa pizgarria izan da egungo zuzendaritzarentzat", Urizarren arabera.

"Sabinek utzi egin gaitu baina badaki Eusko Alkartasunako lagun eta kideek berak hasitako bidea jarraituko dugula eta amaituko dugula: Euskal Herria independentea sortuko dugu, Europa federal batean. Agur, Sabin", gaineratu du Urizarrek Intxaurragari azken agurra emate aldera.

Bestalde, Carlos Garaikoetxea lehendakariaren hitzetan, Intxaurraga abertzale "zintzo" bat zen; "sakonki sentitzen zuen herriaren egoera eta eskubideak". Ildo horretan, euskaldun eta euskaltzale "amorratua" zela esan du Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.

"Arriskatzen zen politikoa zen, eta sakonki sentitzen zuen defendatzen zuena", adierazi du Garaiokoetxeak bere alderdikideari buruz.

Lehendakaria

Patxi Lopez lehendakariak doluminak helarazi nahi izan dizkie Sabin Intxaurragaren senide eta EAko kideei. Zendu berri den politikaria "bere ideien defendatzaile sutsua" zela eta "herriaren zerbitzura" zegoela azpimarratu du.

Patxi Lopezek telegrama bat bidali dio Intxaurragaren sendiari, heriotzak min handia eman diola adierazi die senideei "garaiz eta ustekabean" iritsi delako. Era berean, "bere hutsunea" nabariko duela ziurtatu du, izan ere, "politikaria baino gehiago arduradun publikoa izan zen euskal administrazioaren hainbat alorretan, Sabin gizon ona izan zen".

Aralar

Aralarrek, bere aldetik, "atsekabea" agertu du Eusko Alkartasunaren militante historikoaren heriotza dela eta.

Agiri batean, Aralarrek azaldu du Intxaurragarekin "euskal politikagintzan paper garrantzitsua jokatu duen pertsona bat joan dela".

EB

Mikel Arana Ezker Batuaren koordinadore nagusiak EAko kide zenaren ezaugarri nagusiak aipatu ditu: "Osotasuna eta ideia sakon eta zintzoen defentsa".

Aranak esan du Intxaurragarena "galera handia" dela "bai politikarentzat bai euskal gizartearentzat".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea